Omako Basoa kultura-erreferente bihurtu da

Bizkaie! 2024-10-28 09:51   Kulturea

Urtebete pasau da barriro edegi ebenetik.

Agustín Ibarrolaren obra barriro edegi ebenetik urtebete pasau danean, Bizkaiko Foru Aldundiak konserbazino eta jasangarritasun konpromisoa nabarmendu nahi dau. Halanda ze, balantze positiboa egiten dau bisitariei eta ekimen teknologiko barriei jagokenez.

Foru-erakundeak eredu jasangarria jarri dau martxan Omako Basoan: bai diseinuan, baita kudeaketan be. Basoa diseinetako, bertoko materialak erabili dira.

Aldi berean, bisita-eredu jasangarria ezarri da, bisitari-kopurua kontroletako, aldez aurreko online erreserba-sistemea erabiliz, jente-pilaketarik ez izateko eta kalidadeko bisitea eta Basoaren eta ingurunearen babesa bermatzeko.

2023ko urrian barriro edegi ebenetik, 73.998 personak bisitau dabe obra parebakoa; holan, kultura-helmuga bezela finkatu da.

Aurton, ganera, erabiltzaileentzako esperientzia hobetu da eta baliabideak jarri dira bisitariek Agustín Ibarrolaren lana hobeto ezagutu deien. Mapak eta liburuxkak diseinau eta web-orria egin da, erabiltzaileei informazinoa eskuratzen laguntzeko asmoz. Guztira 79.211 personak bisitau dabe webgune ofiziala eta horrek indartu egiten dau teknologia digitalek espazioaren kudeaketa jasangarrian daben garrantzia.

Tresna horreei Omako Basoaren appa batu jake orain, Agustín Ibarrolaren obrea bisitetan dabenen esperientzia hobetzen lagunduko dauena.

Barrikuntza teknologikoa, esperientzia aberasgarriagoa izan deien

Bisitarien esperientzia hobetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak debaldeko appa jarri dau martxan Androiden eta iOSen eskuragarri dago eta audio-gidak, mapa interaktiboak eta informazinoa eskaintzen ditu, lau hizkuntzatan, bisitariei multzo artistiko bakotxa zehaztasun handiagoz deskubriduten laguntzeko. Teknologiaren osogarri, web-orria eta papelezko mapea be eskaintzen dira.

Bisitarien gogobetetasuna eta bisita gidatuen eskari gero eta handiagoa

Bisita gidatuen eskaintza egonkorra be ezarri da, zapaturako eskaintzen baitira, 11:00etan eta 12:30ean. Jenteak oso eretxi ona emon dau esperientziaz, batez be bisita gidatuez. Momentuz, zapatuan eskaintzen dira, euskeraz eta gaztelaniaz.

Hedabideetako eragina eta nazinoarteko proiekzinoa

Omako Basoa barriro edegiteak oihartzun handia izan dau nazinoartean, horren barri emon baita hainbat hedabide entzutetsutan, esaterako, Le Monde, National Geographic, Welt, El País Uruguay, TF1 (Frantzian ikusle gehien daben telebista-kanala), Art Magazine Alemania, Emons egunkaria eta Avvenire, Libero, Arde edo Le Quotidien de l'art Italiako kanalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu