Badator Zaldialdia, sektorea sustatzeko lehen azokea

Bizkaie! 2024-10-24 09:08   Kulturea

Domekan izango da, urriaren 27an, Amorebieta-Etxanon.

Zaldialdia, Euskadiko Zaldi Azokearen lehen edizinoa, domekan egingo da, urriaren 27an, Amorebieta-Etxanon, zaldi sektorea ezagutarazoteko eta haren garrantzia azpimarratzeko.

Azken hamarkadetan sortutako zaldi sektoreko Euskadiko alkarte eta federazinoek ahalbidetu dabe hainbat zaldi arraza, horreen artean autoktonoak, berreskuratzea, jagotea, sustatzea eta euren garrantzia nabarmentzea. Halanda ze, alkarte eta federazino horreek guztiak batu egin dira lehenengoz, Zaldialdia zaldi azokea atondu eta sektorearen balio eta aniztasuna bultzatu eta plazaratzeko. Bakotxak bere aldetik, baina guztiok nahi dogu euskal arrazak sustatu eta zaldien sektorea indartu; alkarregaz lan eginda, sektoreari ikusgarritasuna eta hauspo handiagoa emongo deutsagu, adierazo dau Osertz Lejarreta Zaldialdiko koordinatzaileak.

Guztira, 120 zaldi baino gehiago egongo dira erakusgai eta horreetako asko salgai dagoz, esaterako: haragirako zaldiak, erresistentzia eta jauzi lehiaketak irabazitako zaldiak, Pottokak, Enkarterriko Astoak, Euskal Herriko Mendiko Zaldiak.

Hiru gune

Eusko Jaurlaritzearen eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzinoagaz, goiz osoko egitaraua atondu dabe, 9:00etan hasi eta 15:00rak arte. Azokea Jauregibarria parkean izango da, baina hiru gunetan egongo da eta bakotxak egitarau propioa izango dau: lehenengo pistan, kiroleko zaldien balorazino morfofunzinonalak eta saltoak egongo dira; bigarrenean, Pottoka, Enkarterriko Astoa eta Euskal Herriko Mendiko Zaldi arrazen ezaugarrien azalpenak eta Pottoken erresistentzia eta saltoak tartean oztopoak dituela. Horreezaz gan, Azokea (0 KM), jan-edanak eta umeentzako tailerrak eta ibilalditxoak Enkarterrietako Astoen eta Pottoken ganean izango dira.

Lejarretaren berbetan, Euskadin ezagutu ez dogun azokea da Zaldialdia, publiko guztientzako azokea. Ganera, gerturatu ezin dauenak aukerea izango dau azokea streaming bidez jarraitZeko (hemen).

Hazten dagoan sektorea

Jorge Garbizu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak azpimarratu dau gauzak ondo egiten dabilen sektorea dala zaldiarena: Sektorea gogor dabil lanean Euskadin Euskal Herriko Mendiko Zaldia, Enkarterriko Astoa eta Pottoka lako arraza autoktonoak berreskuratzeko eta, horrezaz gan, hazten eta errentagarritasun onak lortzen dago, esaterako, kirol zaldien arloan. Abeltzaintza sektorea dibersiļ¬ketako aukerea da, lehen sektorean dagozan edo interesa daben beste eragile edo norbanako batzuek oso kontuan hartu beharrekoa.

Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek autortu dau: gogoz hartu dogu Zaldialdia udalerrian atontzeko erronkea, izan be, sektore horrek eragin ekonomiko positiboa izateaz gan, naturea eta tradizinoak lotzen ditu. Gero eta persona eta erakunde gehiago dabiz lanean gure historiaren eta ondarearen parte diran arraza autoktonoak berreskuratzeko. Beraz, Zaldialdia aukera parebakoa da ondare horri balioa emoteko eta espezie horreek gure eskualdeari emoten deutson aberastasuna erakusteko.

Alkarte eta federazino atontzaileak

Lau dira gaur egun Euskadiko zaldi sektorean lanean dabizen eta Zaldialdia atondu daben alkarte eta federazinoak:

  • Basque Country Sport Horse Alkartea: raid/endurance disziplinarako eta saltotarako zaldien hautaketea, ugalketea, hazkuntzea, entrenamendua, balorazinoa eta merkaturatzea sustatzeko sortu zan 2016. urtean Lezaman.
  • Euskadiko Pottokazaleen Federazinoa: 2004an osotu zan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru alkarteak batzeko. Egun, 112 abeltzain ordezkatzen ditu, une honetan desagertzeko zorian dagoan Pottoka arraza jagoten eta bultzatzen dabenak.
  • Euskal Herriko Mendiko Zaldi arrazaren Federazinoa: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 313 bazkide batzen ditu. 2014tik dabil arrazea eusteko lanean.
  • Enkarterriko Asto Hazleen Federazinoa: hiru lurraldeetako asto hazleen 67 ustiaketa batzen ditu. 2014tik lanean dabil arraza jagon eta astoaren hobekuntza genetikoa lantzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu