CAF-Elhuyar sariak banatu ditue
2024-10-24 07:50 Kultureakonta(kta)tu izenburupean.
CAF-Elhuyar sariketearen 30. edizinoko sariak konta(kta)tu izenburupean banatu dira Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Helburu bi ditu sariketeak: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) euren jakintzea, ikerketea edo egitasmoen barri emotea; eta, jentearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea.
Sariketea Elhuyarrek atontzen dau, CAF enpreseagaz batera eta Neikeren babesagaz. Guztira, 38 lan jaso dira eta parte-hartzea orekatua izan da generoaren aldetik. Kontuak kontu, epaimahaikideek ondoko lanak saritzea erabagi dabe:
- Dibulgazino-artikulua kategorian, Ander Tobalina Novo gasteiztarrak irabazi dau saria, Arau berriak, jostailu berriak izeneko artikuluagaz. Epaimahaiak nabarmendu dauanez: gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu deutso, eta argi erakusten dau gaur egungo teknikek esparru barriak edegiten dabela. Horrezaz gan, fisika kuantikoa berez adierazoten gatxa bada be, artikulua erraz eta gustura irakurten da.
- Doktore-tesiaren artikuluko saria, barriz, Antton Babaze Aizpurua irundarrak eskuratu dau, Argi ibili kuantikarekin lanari esker. Kasu horretan, egileak transmitiduten dauen pasinoa azpimarratu nahi izan dau epaimahaiak: artikulua, idazketa aldetik, argia eta irakurterraza iruditu jaku. Ganera, adibide erakargarriak erabili ditu.
- Era berean, kategoria horretan, beste lan bat gailendu nahi izan dau epaimahaiak: Uzuri Albizu Mallea gasteiztarraren Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia lana hain zuzen be. Lan horrek balorazino ona jaso dau: diziplinartekotasunaren adibide bikaina da, tesia ondo adierazota dago eta matematikari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen dau.
- Zientzia-kazetaritza kategorian, Silfioaren enigma lana izan da saritua. Enekoitz Telleria Sarriegi andoaindarra da egilea eta, epaimahakideen eretxiz, egileak asmatu dau jakin-mina pizten gai ezezagun bati buruz. Zientzia-dibulgazinoko ohiko gaietatik ateraten da eta, informazino lortzeko, detektibe-lana egin behar izan dau. Holan, iturri ugari erabilten ditu, esaterako, zientzia eta poesia. Artikulua Berria egunkarian argitarau eban igazko bagilean.
- Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua dau Neiker Sariak eta aurtongo saritua Mikel Ojinaga Juárez bermeotarra izan da, Birusen kontrako gudari irrabarratsua lanari esker. Kategoria horretako epaimahaikideek nabarmendu dabenez: garrantzi handiko gaia da sektorean eta egileak oso argi adierazo dau zein dan arazoa eta nola egin aurre. Ganera, dibulgazino-lan ona egin dau epaimahaiaren eretxiz.
Saridun guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulturea bana jaso dabe.
Sariez gan, 5.000 euroko dirulaguntzinoa be emoten dau CAF-Elhuyar sariketeak zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lana egiten daben proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurton, Femias Kolektiba taldeak aurkeztutako FemPRONT proiektuak jaso dau sorkuntzea-bekea.
Genero-arrakalarik gabeko adimen artifizialeko TEXT-TO-IMAGE irudiak sortzeko gida interaktibo baten digitalizazino-proiektu artistikoa da FemPRONT.
Femias Kolektiba taldea ondoko honeek osotzen dabe: Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonso.
CAF-Elhuyar merezimendu-saria
Elhuyar Fundazinoaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria emoten dau euskerearen normalizazinoan eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazinoan nabarmendu diran personak autortzeko. Hogeita hamargarren edizinoan, Miren Basaras Ibarzabalek jaso dau autortzea, izan be, euskerazko dibulgazinoan erreferentea da, batez be, mikrobiologiaren eremuan. Patronatuak estimau nahi izan dau COVID-19aren pandemiaren garaian gaixotasuna ulertarazoteko eta prebentzino-neurriak hartzeko egin eban lana, modu ulergarrian beti, alarmarik biztu gabe eta ikuspegi sozial handiagaz. Era berean, euskereari eta euskerazko hedabideei emondako lehentasunezko tratamendua azpimarrau nahi izan dau Patronatuak.
Epaimahaikideei jagokonez, ondoko honeek epaitu ditue dibulgazino-artikuluak eta kazetaritza-lanak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetaria eta idazlea; Idoia Torregarai Martija, UEUko komunikazino-arduraduna; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, barriz, honeek aukeratu dabe: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazinoko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazinoko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.
Zientzia Gizartearen sorkuntza-bekeara aurkeztutako proiektuak ondoko honeek epaitu ditue: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazinoko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazino-arduraduna.
Sorkuntza-bekea 2023
Saridunak ezagutzeaz gan, aurreko urteko sorkuntza-bekea irabazi eben proiektuak ikusteko aukerea izan da ekitaldian bertan.
Igaz, proiektu bik jaso eben sorkuntza-bekea, izan be, bien helburua bardina zan: adimen artifizialaz hausnartzea. Holan, Semiosi-genesi proiektuan, Jon Sánchez Carrascok adimen artifizialaren mitologia sortu daum, adimen artifizialeko tresnak erabiliz, komiki bat eginez. Bestean, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibearen Ia dena proiektuan, jardunaldi batzuk egin ditue adimen artifiziala aztertzeko hainbat ikuspegik. Jardunaldiaren ondorioak poema gisa aurkeztu ditue ekitaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!