Andres Torresek irabazi dau Basque Culinary World Prize 2024

Bizkaie! 2024-10-23 12:30   Kulturea

10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagaitik.


Joxe Mari Aizega, Andres Torres eta Amaia Barredo.

Saria emoteko ekitaldian Imanol Pradales Lehendakaria izan da buru eta, besteak beste, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Joan Roca Basque Culinary World Prizeko Epaimahaiko burua be izan dira.

BCWPren epaimahaiak hautatu dau irabazlea. Munduan eragin handiena daben sukaldarietako batzuek osotzen dabe epaimahaia; danak Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluaren ordezkari dira eta bagilean Perun egindako urteko bilera orokorrean egin eben hautaketa.

Edizino honetan, BCWPk beste sukaldari biren lana autortu dau eta aitamen bereziak emon deutsee Gisela Medinari (Argentina) eta Ángel Leóni (Espainia), integrazino sozialari, barrikuntzeari eta jasangarritasunari buruz egin dituen proposamen iradokitzaileakaitik.

Basque Culinary Center izango da Andres Torres sukaldariari Basque Culinary World Prize 2024 emoteko ekitaldiaren egoitzea gaur arratsaldean (18:00etan). Sukaldari horrek saria jasoko dau Global Humanitaria GKEaren bidez 10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagaitik eta gastronomiaren bidez mundu osoko zenbait krisi-egoeratan egindako esku-hartzeengaitik, bai eta Casanova jatetxea sortzeagaitik be. Jatetxe hori praktika jasangarrietan oinarrituta dago eta gastronomiari bestelako begirada bategaz ekitea posible dala erakusten dau.

Basque Culinary World Prize saria bardinbakoa eta mundu mailakoa da. Barrikuntzan, teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial eta ekonomikoan ekimen eraldatzaileak martxan dituen sukaldarien lana nabarmentzen dau sariak eta Eusko Jaurlaritzeak, Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan eta Basque Culinary Center gastronomian aitzindaria dan erakunde akademikoak emoten dabe.

Sukaldaritzeak, jasangarritasunak, laguntza humanitarioak eta gerrako kazetaritzeak bat egiten dabe Andrés Torresen izakeran. Hainbat alderdi lantzen ditu berak eta alkarri lotutako proiektu bitan da buru: alde batetik, Global Humanitaria GKEaren fundatzaile eta burua da. Erakunde horrek elikadurea bermatzeko eta umeen eskubideak defendiduteko lan egiten dau hamar herrialdetan, 200 eskola-jantoki baino gehiagogaz eta preminazko esku-hartzeak egiten ditu gerrak edo hondamendiek kaltetutako eskualdeetan, elikagaiak, ura, higienea, osasuna, babesa eta oinarrizko hezkuntzea eskuragarri egon daitezan. Bestalde, Penedés eskualdeko Casanova jatetxeko sukaldariburua eta jaubea be bada Torres, eta jasangarritasuna eta autosufizientzia benetan zelan landu erakutsi dau; horregaitik, Michelin izar berde bat jaso dau.

Lortutako irabazien parte batek Global Humanitaria finantzietako balio dau eta jatetxeko jardunbide jasangarri batzuek eta errezeta batzuek GKEak lagundutako komunidadeetan eskuratutako jakintzea dabe oinarri.

Basque Culinary World Prizeren 100.000 euroko diru partidea baliogarria izango da jentearentzat, ingurumenerako eta gizarterako onuragarriak diran sukaldari honen ekimenei laguntzeko. Andres Torres irabazlearen eretxiz, oso eskertuta nago Basque Culinary World Prize saria jasoteagaitik. Sari honen bidez lan etenbakoa saritzen da, 25 urte baino gehiago iraun dauena, bai eta ahalik eta komunidade gehienei lagundu nahi izateko gogo haustezina be. Lana eta gogoa ez dira nireak bakarrik, Global Humanitariako kide diran persona guztienak baino. Elikagai-segurtasunaren, osasunaren eta hezkuntzearen arloan ditugun proiektuak indartzeaz gan, espero dot sari honek aukerea emongo dauela gure mezua jente gehiagorengana heltzeko eta, holan, laguntzea geugaz lan egiten daben herrialdeetara zabaltzeko.

Andrés Torres munduan eragin handieneko sukaldarietako batzuek aukeratu dabe, Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluaren ordezkari baitira: Joan Roca (Espainia-El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiaren presidentea eta beste sukaldari ospetsu batzuek be parte hartu dabe, besteak beste, Gastón Acurio (Peru), Pia León (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka), Mauro Colagreco (Argentina-Frantzia), Elena Reygadas (Mexiko), Josh Niland (Australia) eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) (Tailandia).

Ekimen eraldatzaile bat

Basque Culinary World Prize saria 2016an eman zen lehen aldiz, gastronomia indar eraldatzaile bat izan daitekeela erakusten duten lekukotzak biltzeko. Sariak bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen du; berritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez ere, gizartearekin konprometituta daude.

1.250 izentapen eta 42 herrialdetako 850 izentau baino gehiago aztertu ditue.

Horregaitik, Andrés Torresez gan, epaimahaiak beste sukaldari biren lana saritu dau. Aitamen bereziagaz saritu ditue, alde batetik, Gisela Medina (Argentina), Corrientes probintziako Mburucuyá herritik bere eskualdeko antxinako sukaldaritzearen garrantzia nabarmentzeagaitik —luzaroan gitxietsia izan baita— , eta horren bidez eskualdeko garapen eta enpleguan laguntzeagaitik; eta, beste aldetik, Ángel Leon (Espainia), itsasoak jaki-toki gastronomiko lez eskaintzen dituan aukerak ikertzeagaitik, orain arte aztertu ez diran aplikazino gastronomikoen potentziala barrikuntzearen eta jasangarritasunen ikuspuntutik ikusarazoteagaitik.

Urtero, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aitamen berezien bidez, mezu bat bialtzen dau, jente guztia konturatu daiten zenbat arlotan lagundu leikien sukaldariek. Aurten, elikagaien segurtasuna izan da berbagai, baita immigrazinoagaz lotutako gizarteratzea eta talentuaren dibersifikazinoa be.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu