Abesbatzen mundua krisi-egoeran dago

Bizkaie! 2024-10-23 08:12   Musikea

Umeen edo gazteen 134 abesbatzari buruzko informazioa batu da azterlanera. 

Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimenez martxan jarritako Ume Abesbatzak Aktibetako eta Sortzeko Planaren barruko azterlan baten emoitzea da. Konfederazinoaren 42 urteko historian holako azterlan bat egin da lehenengoz eta koruen sektorean be aitzindaria da, ez baita antzeko lanik topa, ez irismenean, ez sakontasunean, Europako lurralde osoan.

Txosten hau euskal abesbatzen mundua, musikearen, arlo soziokulturalaren eta identidarioaren elementu historiko eta estrukturala izan arren, krisi-egoeran dagoalako irudipen orokorretik sortu da. Krisi honen etiologia anitza eta konplexua bada be, eta gizarte teknologikoek azken hamarkadetan bizi izan dituen aldaketa ugariei lotuta badago be, egoera hori eraldatzeko alkarregaz jarduteko beharraren eta aukerearen kontzientzia argia be badago.

Txosten honek oinarri objektiboa izan nahi dau, arlo horretako estrategiak diseinetako eta horretarako, zuzeneko inkesten bidez lortutako datuak aztertzeaz eta baloreteaz gan, euskal abesbatzen mobimentua azaleko azterketa historikoa egin da, kantu koralaren onurei buruzko gaiaren egoere, ibilbide-orriaren proposamena (ekintza batzuk martxan jarri dira dagoeneko) eta azken atal bat ume eta gazteen mundu koralaren etorkizunari begira egindako ekarpen eta begiradakaz, sektoreko profesional esanguratsuek eginak. Hori guztia, jarduera koral orokorra, eta batez be ume eta gazteena, ongizaterako oinarriziko eremu komunitarioek bat egiten daben zeharkako jarduerea dala kontuan hartuta: kulturea, hezkuntzea, gizarte-politikak eta osasuna.

Azterketea oso zehatza izan da planteamentuan eta datu-batzean (espero ziran datuen % 99 lortu dira) eta denpora eta ahalegin handia egin behar izan da abesbatzen dinamika guztien errealidadea profil guztietan islatu ahal izateko: araubide orokorreko irakaskuntza publiko eta itunduetako ikastetxeetako abesbatzak, araubide bereziko ikastetxeetako abesbatzak (konserbatorioak eta musika-eskola publiko eta pribatuak) eta alkarteetako abesbatzak.

Azterlanaren egileak honako honeek dira: Nuria Fernández-Herranz doktorea, koruko irakasle eta zuzendaria, koruko kantuari eta gizarteari buruzko azterlanak egiteaz eta 3. eta 4. multzoetako datuak aztertzeaz arduratu dana; eta Marta García Rodríguez doktorea, humanidadeen arloko irakasle eta ikertzailea eta musika-dibulgazinoan aditua; azken horrek honako honeek koordinau eta gainbegiratu ditu: txostena, erroldearen kudeaketa orokorra, 1. eta 2. multzoetako datuak aztertzea eta justifikazinoa eta ibilbide-orriaren proposamena idaztea.

Holako azterlan bat egiten dan lehen aldia danez, ez dago konparazino-analisiak egiteko aurretiazko daturik eta, beraz, azterketa horretan islatutako errealidadearen balorazinoa osotu egiten da beren borondatez ekarpenak egin dituen sektoreko profesionalen analisi eta balioespenakaz.

Umeen edo gazteen berariazko profileko 134 abesbatzari buruzko informazioa batu da, 6 eta 23 urte bitarteko koralistek osotuak, honako eremu honeen inguruan: 1) Estadistika-datu orokorrak; 2) Alderdi dinamikoak eta eskumenekoak; 3) Zuzendaritzearen profila; 4) Egitura eta antolamendua. Holan, 4.719 koralista zenbatu dira guztira. Datu aitagarrienek adierazoten dabe alde handiak dagozala probintzietako parte-hartzeari jagokonez, desoreka nabarmena dagoala generoari jagokonez, jarduera koral gitxi dagoala irakaskuntza orokorretako ikastetxeetan (batez be sektore publikoan) eta dinamizazino eta profesionalizazino maila txikia dagoala egituretan.

Aldi berean, datuek adierazoten dabe autokritikea egin behar dala sektorean, egituraketarik eta koordinazinorik eza edo atomizazino orokorra lako gaiak jorratzeko, nahiz eta ekimen kohesionatzaileak egon, besteak beste, Euskal Herriko Federazinoen Alkarte bat eta Federazino Probintzialak. Koru eta federazino-dinamiken barruan, antolaketa eta zuzendaritza-jokera orokor indibidualizatzaile eta indibidualizatze aldera joten daben jokera jakin batzuk agiri dira, danen egiturea higatu edo gastetan dabenak. Edozelan be, burruka komun baten kontzientzia eta borondatea be badago, bai eta konponbidea partekatua izan behar dalako sensazinoa be, etorkizunera begira, testuinguru koral batetik, euskal testuingurutik, bere tradizinoagaitik, bere errotze soziokulturalagaitik eta bere asmo artistiko eta hezitzailearengaitik berezia dana.

Etorkizunari begira

Datu objektiboak eta sektoreko profesionalen ekarpenak aztertuta, ibilbide-orri bat diseinau ahal izan da, honako elementu estrategiko honeen inguruan: Erreferentziazko Lanbide eta Lan Esparru baten definizinoa, Euskal Koru Erreferentzialaren Estatutu baten idazketea eta Plan Estrategiko baten diseinua. Plan horrek prestakuntza eta orientazino-plan bat, dinamizazino-plan bat eta IKTen komunikazino eta garapen integraleko plan bat hartzen ditu gogoan.

2024/2025 ikasturte honetan, Konfederazinoak jorratzean zituan dinamikez gan (EHGA, Akademia, tailer pedagogikoak, erreferentziazko abesbatzen egiturei eusteko dirulaguntza espezifikoak...), hainbat ekimen jarri dira martxan identifikautako beharrizanetako batzuei erantzuteko: ume eta gazte abesbatzen zuzendaritzan trebatzeko programa bat (Zuzendaria izenekoa), berariazko ikastaro pedagogikoak, ume-kantata bat eskola-abesbatzakaz (Euskadiko Orkestreagaz lankidetzan eta Euskadiko Orkestreak sustatuta) Korukiri programea ume-abesbatza federatuetarako eta komunikazino-plan integral bat. Jarduera horreek modu koordinatuan egin ahal izan dira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzeari eta pizgarriari esker.

Txosten hau euskeraz zein gaztelaniaz argitaratu da eta eskuragarri dago Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazinoaren webgune ofizialean konsultau nahi dauenarentzat.

Datozen hileotan, azterlanaren aurkezpen publiko batzuk egingo dira (mahai-inguruak eta bestelakoak) azterlanaren irismenari buruz sakontzeko eta eredutzat beste testuinguru batzuetara eroateko. Euskal Autonomia Erkidegoko uriburuetan egingo dira aurkezpenak, zemendiaren 9, 29 eta 30ean. Kanpoko eskariz, urriaren 26an Koru Zuzendarien Espainiako Alkartearen (AEDCORO) Batzarrean azalduko dira emoitzak, Secretariat de Corals Infantils de Catalunyan (SCIC) eta Valentziako Erkidegoko Federació d'Entitats Corals Infantils i Juvenilsen (FECIJ-CV) zehaztu beharreko egunetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu