Kukai Dantza Konpainiak 'Cruzades' lana taularatuko dau Buenos Airesen

Bizkaie! 2024-10-22 08:33   Kulturea

Euskal jantzak eta flamenkoa buztartzea da asmoa.

Orain 27 urte sortua, Buenos Airesko Nazinoarteko Jaialdia (FIBA) eskualdeko kultur ekitaldi garrantzitsuenetakoa da. Buenos Aireseko Kultura Ministerioak atondutakoa, munduko eszenea Buenos Airesera ekarri eta Buenos Aireseko eszena munduko eszenatoki nagusiakaz lotzea da helnurua. Egunotan, urriaren 27ra arte, 40 proiektu nazional eta nazinoarteko beste 20 baino gehiago taularatuko ditue, tartean Kukai Dantza Konpainiaren Cruzades, Jon Maya Sein jantzariak 2001ean sortutako konpainia errenteriarrarena.

Cruzades obreak, Jon Mayaren zuzendaritzapean, jantzari bi ditu protagonista, euren gorputzen mobimentuaren bidez taula gainean hizlari. Julen Achiaryren musikea lagun, Jon Maya, bere euskal jantzakaz eta Adriana Bilbao, flamenko jantzaria, bakotxa bere hizkuntzeagaz agertzen da oholtzan. Jatorria konpartiduten dabe, biak baitatoz Euskal Herritik, tradizinoak, barriz, ez, iturri bi baitutue eta, esangura horretan, eszenatokian, jantza estilo bi aurkezten ditue.

Jon Maya (Errenteria, 1977).

Jantzari, koreografo eta Kukai Dantza Konpainiako zuzendaria da. Jantza tradizionalaren munduan trebatu zan eta taldea sortu ebanetik hainbat estilogaz alkarreraginean ibili da. Taldeak euskal jantzan oinarritutako ikuskizun garaikideak sortzen ditu, hainbat koreografogaz lankidetzan.

Adriana Bilbao (Bilbo, 1988).

Jantza flamenko tradizionalenak markautakoa da baina bere burua barritzeko interesak beste kode koreografiko batzuekaz esperimentetako jokerea dauka. Sortzaile eta jantzari lanaz gan, D8 Sorkuntza Faktoriagaz batera, Bilboko jantza sorkuntza lantegia kudeatzen dau.

Sarrerak

Cruzades lana gaur, urriak 22, martitzena, eta 23an, eguaztenean, arratsaldeko 20:00etan ikusi ahal izango da Buenos Airesko Politeama Antzokian (Paraná 353, Caba). Sarrereak $6.000 balio dau eta hemen erosi daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu