'Salir de la noche', 'Zoo' eta 'Artxipelagoa' garaile Zidarrezko Euskadi Sarietan

Bizkaie! 2024-10-22 08:29   Kulturea

Gipuzkoako Liburu-denden Alkarteak emon ditu autorpenak.

Gipuzkoa Merkatariak alkartearen barruan dagoan Gipuzkoako Liburu-denden Alkarteak, aurtongo Zidarrezko Euskadi Literatura Sarien irabazleak iragarri ditu. Gaztelaniazko narratibearen kategorian, Mario Calabresi da irabazlea, Libros del Asteroidek argitarautako Salir de la noche liburuagaz.

Euskerazko narratiban, Goiatz Labandibar izan da garaile, Elkar argitaletxeak argitarautako Zoo liburuagaz. Komiki eta album ilustratuen kategorian, barriz, Xabier eta Martin Etxeberriak (gidoia), Alex Sanvik (ilustrazinoak) eta Sergio Sedyasak (kolorea) jaso dabe autorpena, Elkar argitaletxeak kaleratutako Artxipelagoa lanari esker.

Sari horreen helburua da Gipuzkoako Liburu-denden ereitxiz autorpen nahikoa lortu ez daben bitxiak berreskuratzea. Bigarren aukera horri esker, ikusgarritasun aldetik bigarren mailan geratutako lanak balioan jarri nahi ditue, baita argitaletxeen lana eskertu be. Aldi berean, irakurketea sustatu nahi dabe.

Epaimahaiaren motibazinoak

Gaztelaniazko narratibaren kategorian, Gipuzkoako Liburu-dendek Mario Calabresi saritu dabe Salir de la noche lanari esker. Bertan, 70eko hamarkadako berunezko urteetan indarkeriak eta terrorismoak kolpetutako Italia horren tragedia personal eta familiarrari eta egoera soziopolitikoari eusten deutso. Ganera, liburua elebarriaren eta autobiografiaren, testigantzearen eta ikerketearen erdibidean dago, eta kazetaritzaeri eta narrazinoari jagokonez soiltasuna, gertutasuna eta argitasuna dauka.

Beraz, Mario Calabresik haren aitaren hilketea hartzen dau abiapuntu, Luigi Calabresi komisarioarena hain zuzen be, Giuseppe Pinelli anarkistearen heriotzearen errudun faltsutzat jo ebena. Akusazino horrek kontrako kanpainea eragin eban eta 1972an, Milango kale batean, haren biziteagaz amaitu eben.

Gipuzkoako Liburu-denden Alkarteko arduradunen ustez, liburu ausarta eta beharrezkoa da. Ezinbesteko hausnarketea egiten dau indarkeria sozialaren inguruan, eta literaturearen eta kulturearen bidez justizia eta bakea bilatzen ditu.

Euskerazko narratibearen kategorian, Zidarrezko Euskadi Saria Goiatz Labandibarrentzat izan da Zoo liburuagaitik. Oiartzuarraren idazkera arina nabarmendu dau epaimahaiak. Prosa errealistea eta eraginkorra da eta gaur egungo gizartearen kosmos propio eta fresko bat marrazteko erabilten dituan teknika narratiboak konbinetan ditu.

Gipuzkoako liburu-saltzaileen eretxiz, gure istorio eta errealidadeei buruz freskotasunez eta ironiaz berba egiteko formula barriak bilatzen dituan euskal narratiba barriaren barruan kokatutako lana da.

Komiki eta Album ilustratuen kategorian, Xabier eta Martin Etxeberriak (gidoia), Alex Sanvik (ilustrazinoak) eta Sergio Sedyasak (kolorea) jaso dabe saria Artxipelagoa lanagaitik. Gipuzkoako Liburu-denden Alkarteak lana balioan jarri nahi izan dau euskal eta euskerazko komikiaren kalidade-jauziaren erakusgarri bezela. Halanda ze, papelezko komikira egindako egokitzapen baten emoitzea da. Jatorrian soinudun proiektua zan, 2021ean EITBPodkast plataforman estreinau baitzan eta nabarmentzekoa da hiru denporalditan euskerazko podcast entzunena bihurtu zala.

Epaimahairen eretxiz, Sanvik eta Sedyasek egokitzapen grafiko bikaina egin dabe, europar edo amerikar komiki handien mailakoa eta gure artisten egungo mailaren adierazgarri dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu