Badator XXII. Zientzia Astea

Bizkaie! 2024-10-21 12:30   Kulturea

Bihar, hilak 22, izen-emote epea edegiko da.

Bihar, martitzena, urriak 22, UPV/EHUren XXII. Zientzia Astean parte hartzeko izen-emote epea edegiko da, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Tailerretan eta ibilbide didaktikoetan soilik eman behar da izena eta hemen egin daiteke. Barakaldoren kasuan, barriz, urriaren 28an edegiko da izen-emote epea.

Ikastetxeentzako epea irailaren 25ean edegi zan eta dagoeneko 5.000 personek baino gehiagok emon dabe izena.

Egoitzetan, DBH eta Batxilergoko ikasleentzako tailerrak eta ibilbide pedagogikoak atondu dira. Ibilbide horreetan, adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar izango dira euskeraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurreratzeko asmoz. Taldeak 15 ikasle baino gitxiagokoak izan behar dira.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da. Ekimen horren bidez, Euskal Herriko Unibersidadeak gizarteari zientzia hurreratu nahi deutso, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Edizino barria, zemendiaren 6tik 10era egingo da Bilbon (Bizkaia Aretoa) eta Barakaldon (Clara Campoamor Udaltegia), 7tik 9ra Donostian (Tabakalera) eta 7tik 10era Gasteizen (Bibat Museoa eta Gasteizko Injinerutza Eskolea).

Zientzia Astea 2024 UPV/EHUk atontzen dau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzinoagaz eta ondoko erakundeen babesagaz: Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Barakaldoko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Vital Fundazinoa, Metro Bilbao eta Ecampus. Jarduera batzuk G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuen barruan sartzen dira. Proiektu horreek Europako Batzordeak finantzatzen ditu, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) Ekintzen bidez. Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena da eta Horizonte Europa, EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programearen barruan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu