Guggenheim Bilbao Museoak 'Hilma af Klint' erakusketea aurkeztu dau
2024-10-18 13:44 KultureaIberdrolaren babesari esker dator.
Af Klint artista suediarraren ibilbidearen ikuspegi osotua da erakusketea eta bertan izango dira ikusgai haren hasierako lanak, gai tradizionalei lotuak, marrazki automatikoak eta sail nabarmenenak (Tenplurako pinturak, Pertzeval edo atomoari eskainitakoa) baita azken akuarelak be.
Erakusketea 2025eko zezeilaren 2ra arte egongo da zabalik.
Hilma af Klint (Stockholm, 1862–1944) margolariak bere proiekturik garrantzitsu eta barritzaileenenari ekin eutson 1906an: Tenplurako pinturak. Ia hamarkada batean zehar, 193 margolan eta marrazki egin zituan, ordura arteko irudikapen-moldeetatik nabarmen aldentzen ziranak. Kolorez betetako pieza ausartak ziran danak, agiriko errealidadeari erreferentzia egin beharrak dakarzan loturetatik libreak sarritan, Af Klinten arabera bistatik ezkutuan ziran indar eta egiturak esploretan zituenak. Lan horreek egiterakoan artistak Suediako tradizino akademikoaren konbentzinoak baztertu eta bere garaiko korronte zientifiko-espiritualetan jarri eban arretea. Haren obran eremu horreetako ideak eta ikonografia txertatu, eta, aldi berean, hiztegi artistiko personal eta bakarra sortu eban. Ikusezina irudikatzeko eta ikusgai egiteko zeregin horretan aitzindaria izan zan Af Klint.
Artista legez bere bidea egin bitartean, Af Klintek bertatik bertara bizi izan zituan bere garaiko aldaketa sozial sakonak, baita emakumeen eskubideen aldeko mobimentuak be. XX. mendearen bueltan emakumeek debekuak eta eragozpenak sufriduteagaitik, Af Klintek Suediako Arte Ederren Errege Akademian ikasteko eta bere lan figuratibo tradizionalenak erakusteko modua izan eban. Hori bai, gogor burrukatu behar izan eban bere artea askatasun osoz jorratu ahal izateko. Emakume artistak kopietako bai baina barritzeko kapaz ez zirala uste zan testuinguruan, Af Klintek oso gitxitan jarri eban ikusgai bere arterik abstraktu eta erradikalena; asko kostau jakon, gainera, arte hori aintzat hartzeko kapaz zan publiko bat topetea. Langile saiatua eta nekaezina izanik, Af Klintek zehetasunez atondu, konserbau eta katalogau eban bere obra, beti be etorkizuneko ikusleakan jarrita gogoa. Arabere gehiago, bere margolanak bera hil eta hogei urte igaro arte ez erakusteko agindu eban, pentsetan baitzeban mundua prestatuago egongo zala orduan bere obrea ulertzeko. Azkenik, 1986an atondu eben haren obrearen lehen erakusketea, ha hil eta berrogeita bi urtera. Dana dala, beste zenbait hamarkada igaro behar izan dira Hilma af Klintek itxitako ondare bikainak merezidutako lekua hartzeko.
Erakusketa honetan, artista suediarraren ibilbidearen panoramika zabal bat aurkezten da: oinarrizko obrea dauen Tenplurako pinturak saileko 110 margolan, lehenagoko lan konbentzionalago batzuk, Bostak talde espiritisteagaz egindako marrazki automatikoak, Tenplurako pinturak sailaren ondorengo margolan geometrikoak, eta azken aldiko akuarelak eta ohar-koadernoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!