Bilbo, Sestao eta Getxo, Klima Azokea izango daben herrien artean

Bizkaie! 2024-10-18 09:16   Kulturea

Urriaren 18an, 23an eta 24an hurranez hurran.

Asteklimak, Euskadiko Klimearen eta Energiaren Asteak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta erakundeak mobilizauko ditu 114 jarduera egiteko urriaren 18tik 27ra bitartean, euskal gizartea transizino energetiko eta klimatikoaren erronkan inplikau daitezan. Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen eta Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Soziedade Publikoaren bitartez, Asteklimaren bosgarren edizinoa atondu dau, Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da izenburupean, urriaren 24an egingo dan Klima Aldaketearen kontrako Nazinoarteko Egunaren barruan.

Asteklimak ekitaldi ugari eskaintzen ditu herritarren sensibilizazinoa eta erantzunkidetasuna sustatzeko: tailerrak, antzerki-ikuskizunak, ipuin kontalarien ikuskizunak, zinemea, bisita gidatuak eta umeentzako jolasak. Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatuko dau Klima Azokea (Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak atondutako ekimena). Euskal Autonomia Erkidegoko hamar udalerri bisitauko ditu jolas-izaerea dauen azoka moduko instalazino ibiltari horrek. Instalazinoak autodiagnostiko-probak, informazinoa eta balizko jarduerak eskaintzen ditu, persona bakotxak klima-aldaketeari aurre egiteko konpromisoa hartu daian.

Beraz, hurrengo 9 egunetan, Bilbon (urriaren 18an), Gernikan (urriaren 19an), Eibarren (urriaren 20an), Amurrion (urriaren 21ean), Vitoria-Gasteizen (urriaren 22an), Sestaon (urriaren 23an), Zumarraga eta Urretxun (urriaren 24an), Hernanin (urriaren 25ean) eta Getxon (urriaren 26an) izango da Klima Azokea. Instalazinoa osotzen daben 7 karpei esker, Klima Azokeak klima-aldaketeari, etxeko ohiturei, mobikortasunari, aisialdiari eta konsumo arduratsuari buruzko hausnarketak proponiduko ditu. Karpa horreei lurzoruaren babesaren garrantziaz sensibilizetako beste instalazino bat gehituko jake, baita Urban Klima 2050 Euskadiko klima-egokitzapenerako proiekturik handienari buruzko instalazinoa be.
 
Itsasertzaren klima-egokitzapena eta transizino energetikoa

Bosgarren edizino hau dala eta, Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Soziedade Publikoak klima-aldaketearen aurrean itsasertza egokitzeko egindako aurrerapenak aurkeztuko ditu, beti be, klima-arriskuaren analisian eta euskal itsasertza egokitzeko orientabideetan oinarrituta. Jardunaldia urriaren 22an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, itsasertza egokitzeko neurrien arloko jardunbide egokiak eta arrakasta-kasuak adierazoko dira.

Aldi berean, Ihobek Irunen, urriaren 23an eta 24an, egingo dan Klima Aldaketea eta Itsasertzeari buruzko Mugaz Gaindiko Kongresuan, Uhinak, parte hartuko dau. Kongresu hori nazinoarteko erreferentziazko ekitaldia da, hizlarien kalidadeari eta programeari esker. Izatez, Kongresu horretan, klima-aldaketeak kostaldean dituan eraginei buruzko azken ikerketak eta soluzinoak aztertzen dira.

Ekintza onenentzako sariak

Horrezaz gan, erakundeek eta udalerriek sensibilizazino-ekintza onenak sarituko ditue. Jasotako 114 hautagaitzen artean, toki-erakundeek aurkeztu ditue jarduera gehien (72), eta, ondoren, ikastetxeek (13), Euskadiko irabazi-asmorik bako eta gobernuz kanpoko erakundeek (10) eta, azkenik, beste erakunde mota batzuek (19). Sensibilizazino-ekintzen eragina 8 kategoriatan autortuko da, eta kategoria horreen artean sari nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko ekimenik onena izango da. Lurralde historiko bakotxeko jarduera batek jasoko dau 5.000 euroko saria. Irabazleak, zemendiaren 29an erabagiko dira.

2024ko Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen jarduera guztiak konsulta daitekez hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu