Flandria–Euskadi programea artea eta Atlantikoaren bidez lurralde bien arteko hartu-emonak aztertzeko

Bizkaie! 2024-10-14 13:50   Kulturea

Kultur lankidetzarako programea 13 proiekturen bidez egituratu da.

Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herria eta Flandria artean kongresua aurkeztu dau gaur Donostiako Tabakaleran. Ekitaldi honek emon deutso amaierea 2023 eta 2024an lurralde bietan egindako Flandria–Euskadi (Vlaanderen–Baskenland) kultura eta arte-lankidetzarako aldebiko programeari. Prentsaurrekoan Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Aintzane Erkizia kongresuaren koordinatzaile eta EHUko irakasleak hartu dabe parte, eta ekimenaren balantzea egiteko be balio izan dau, izan be, egitasmoak Flandriako eta Euskal Herriko artisten eta kultur eragileen arteko hartu-emonak estutzeko aukerea emon dau eta publikoari beren sorkuntzearen kalidadeaz eta izakera barritzaileaz gozetako aukera eskaini deutso diziplina anitzeko eskaintza zabal baten bidez.

2023an Flandria – Euskadi programa hasi zenetik 43 ekintza egin dira (jardunaldiak, egonaldi artistikoak, kontzertuak, erakusketak, film-proiekzioak, hitzaldiak...), 13 lankidetza-proiekturen bidez egituratu diranak. Horreen garapenean ibilitako kolektibo, alkarte, kultur eragile eta erakundeak 29 izan dira. Eta 100 artista eta profesional baino gehiagok hartu dabe parte.

Flandria – Euskadi programea hiru mailatan egibdako lankidetzeari esker gauzatu da: Flandriako eta Euskal Herriko artista eta sortzaileen artean; kulturearen arloko eragile eta erakundeen artean, besteak beste, Azkuna Zentroa, Tabakalera, Zirkozaurre edo Dantzagunea Euskal Herrian eta Morpho, LLS Paleis, M Museum edo Zirkuszentrum Flandrian; eta gobernuen arteko lankidetzea Eusko Jaurlaritzako Kanpo Hartu-emonetarako Idazkaritza Nagusiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Flanders Arts Instituteren bitartez. Ekimen hau aurrera eroateak eragileei ahalbidetu deutse bestearen kultura eta sormen-sarea sakon ezagutzea, epe luzerako hartu-emonetarako oinarriak sendotuz.

Flandria – Euskadi programeari amaierea emateko, Lovainako Unibersidade Katolikoagaz (Katholieke Universiteit Leuven) alkarlanean atondutako kongresu akademikoa egingo da urriaren 17an eta 18an Lovainako M Museumen, ‘Euskal Herria eta Flandria artean’ izenburupean, biltzarrak, artearen bidez, lurralde bien arteko lotura sakona aztertuko da.

Aintzane Erkizia EHUko irakasle eta ikertzaileak koordinau du ekitaldia eta Flandriako eta Euskal Herriko arte-historialariak, adituak eta artistak batuko ditu Atlantikoak lotzen dituan lurralde bi horreen nortasunean eta kultura-sisteman eragina izandako kultur-trukeak artean dauen isla aztertzeko.

Flandria eta Euskal Herriaren arteko hartu-emonak aspaldikoak dira eta, batez be, itsasoaren bidez garatu da, ondasun, idea eta personen etenbako fluxua ahalbidetuz. Mendeetan zehar, artelanek salgaiakaz batera bidaiatu eben eta gaur
egun, flandriar aztarnak argi ikusi daitekez euskal artean. Ondare hori eztabaidagai izango da kongresu honetan. Era berean, biltzarrak azpimarratuko dau zelan kostaldeko biztanleek beste itsasbazter batzuetara zuzentzen dituen begiradak, komunidade eta lotura kultural barriak eratuz. Artea objektu estetiko legez eta kulturen eta lurraldeen arteko truquearen testigantza bizi lez ulertzeko aukerea eskainiko dau ekitaldiak.

Flandria - Euskadi programa lurralde bi honeetako gobernuen artean 2021ean sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) eta gero hasi zan mamitzen. 2021ean eta 2022an, Etxepare Euskal Institutuak eta Flanders Arts Institutek, Lehendakaritzeagaz eta Flandriako Kantzilergoagaz eta Kultura Sailagaz lankidetzan, lan-bisita bana atondu eben Euskadira eta Flandriara, bakotxak bestearen kultura eta sormen-ekosistemak eta erreferentziazko zentroak ezagutzeko. Bisita horreei esker, sortzaileen eta kultura-eragileen artean loturak egin eta konfidantzazko espazioak sortu ziran, esperimentazinoa eta ekimenaren bizkarrazurra izan diran proiektuak lantzea ahalbidetu ebenak. Era berean, Eusko Jaurlaritzeak eta Flandriako Gobernuak hainbat deialdi jarri ditue martxan azken urteotan lurraldeen arteko kultur lankidetzea sustatzeko. Urte biotan zehar argitaratutako proiektu gehienak prozesu honen emoitza dira.

Honenbestez, 2023an eta 2024an esparru egonkor bat sortu da Flandria eta Euskadiren artean epe luzerako hartu-emonak eregiteko kultura, sorkuntza eta artearen arloan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu