Guggenheim Bilbao Museoko 'Kosmo' proiektua finalisten artean Lovie Awards 2024 sarietan

Bizkaie! 2024-10-14 09:32   Kulturea

Europako 35 herrialdetako 1.200tik gora proiektu aurkeztu dira.

Guggenheim Bilbao Museoak bere Bildumako artistak modu interaktiboan esplorau ahal izateko bagilean aurkeztutako Kosmo tresna digitala datuak bistaratzeko proiekturik onena kategorian hautatu dau epaimahaiak Lovie Awards 2024 sarietan.

Kosmo Museoaren Kide Korporatiboa dan La Tempesta enpreseagaz lankidetzan landutako proiektua da Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman ordezkatutako artisten barri emoteko eta Museoko funtsei eta egileei buruzko begirada, lotura, zeharkako irakurketa eta hurreraketak eskaintzeko.

Lovie Awards sariak kulturearen eta teknologiaren arloan bikaintasun digitala autortzeko Europako saririk entzutetsuenak dira. Epaimahaia Arte eta Zientzia Digitalen Nazinoarteko Akademiako (IADAS) kideek osotua da —erakunde horrek kultura eta teknologia digitalean aditu diran 4.000 kide baino gehiago barru batzen ditu.

Hamalaugarren edizino honetako sari-banaketea datorren zemendian egingo da. Aurten, Europako 35 herrialdetako 1.200tik gora proiektu aurkeztu dira.

Kosmo

Tresna digital barritzailea da, artearen eta teknologiaren alkargunean dagoana. Bere diseinu dinamiko eta irisgarriari esker Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumea arakatu daiteke eta bertan ordezkatutako artistak eta euren arteko loturak ezagutu, bai eta Museoaren historian zehar hareek parte hartu dabenen erakusketak be.

Kosmoren merituetako bat da interfaze bakar batean batzen dirala Bildumeari buruzko eduki kuratorialak eta hezkuntzeari lotutakoak; eta ezaugarri horri esker erabiltzaileek arte garaikidearen ulermenean sakontzeko artelanei buruzko informazinoa, horreen arteko loturak eta multimedia edukiak esplorau leikieze. Kosmo Guggenheim Bilbao Museoaren proiektu estrategikoa da eta web semantikoaren, datu estekatuen (LOD) eta adimen artifizialaren zehazpenen arabera eboluzionauko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu