Euskal saregileak eta neskatilak arduratuta dagoz bihar-etzi sektoreak biziko dauenaz

Bizkaie! 2024-10-11 08:19   Kulturea

Izaskun Bilbao Europako parlamentari ohiak moderatzaile jardungo dau.

Itsas zabaleko arrantza eta gizonak betidanik lotu diran arren, egia da emakumeek berebiziko eginkizunak gauzatzen dituela lehorrean, eta eginkizun horreek oinarrizkoak dirala sektoreko jarduera asko garatzeko, besteak beste, sareak konpontzea, harrapatutako arrainak deskargetea, arraina latetan sartzea, saltzea eta bestelakoak.

Emakumea oinarrizko atala izan da beti euskal arrantza-sektorean. Arrantzan, sektore guztietan bezela, katebegi guztiak sendoak izatea nahitaezkoa da katea hausi ez eta emakumeen katebegi hori, duda barik, giltzarria da sektore osoa osasuntsu ibil daiten.

Baina belaunaldien arteko txandaketarik ez dagoalako, sareak material sintetikoak erabiliz fabriketan diralako eta arrantza-ontziak murriztu diralako, saregile eta neskatilen lanbide tradizionala desagertzen dagoalako. Halan da guztiz be, orain gabiz, hain zuzen be, arrantzan egiteko sareen artisau-konponketan dabizen emakumeek egiten daben lana ikusarazo eta aintzatesteko lanean, aukera-bardintasuna, alkartegintzea, prestakuntzea eta ekintzailetzea sustatzen.

Datorren urriaren 15ean, martitzenean, 19:00retatik aurrera, Ana Rosa Ispizuak, Begoña Patiñok eta Mª Carmen Sampedrok, Bermeoko saregileen eta neskatilen sektoreko hiru langilek, euren lanaren gakoak eta lanbide horren garrantzia azalduko ditue Sabino Arana Fundazinoan eta belaunaldien arteko txandaketa falteagaitik daben ardurea azalduko dabe.

Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko kide ohiak moderauko dau bilerea. Bilbaok, europarlamentari izan zan garaian, hainbat alditan defendidu eban holako lanbideen garrantzia eta emakumeoi langile lez jagokezan gizarte-eskubideak autortzeko beharra.

Saregileak eta neskatilak. Desagertzen ari den lanbide bat? izenburuko hitzaldia Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak 2022an martxan jarritako Emakume apartak zikloaren esparruan egingo da. Ziklo horren helburua da beste emakume batzuentzat eredugarriak diran lanak eta horreen garrantzia ezagutarazotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu