Jon Gerediagak, Harkaitz Canok eta David de las Herasek aurtengo Euskadi Literatura saria jaso dabe

Bizkaie! 2024-10-09 12:36   Kulturea

Kulturea gizartea eraldatzeko motorra da.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaur emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egindako aurkezpenean jakinarazo ditu sailburuak Euskerazko Literatura, Euskarazko Ume eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazinoa modalidadeetako 2024ko irabazleak:

  • Euskerazko Literatura: Jon Gerediaga, Zeru-lurren liburua (Elkar).
  • Euskerazko Ume eta Gazte Literaturea: Harkaitz Cano, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein).
  • Literatur Lanaren Ilustrazinoa: David de las Heras, Campos de Castilla (Lunwerg).

Euskarazko Literaturako sariko epaimahaiak adierazo dauenez, Jon Gerediagaren -Zeru-lurren- liburua obrea naturaren behaketatik abiatzen dan hausnarketa poetikoa da eta gizakia bere minari aurrez aurre jarten dau. Obra honetan ni poetikoa behatzaile jarreran aurkeztu dau, batez be naturea begiratuz. Adierazpen poetiko landua eta delikatua da, esan nahi dana doitasun apartekoz adierazoten da. Poeteak autortzen deutsee esker ona eta maitasuna gertukoei. Azken batean, iraun behar dauenaren aldeko poesia da Gerediagarena, gaineratu dau epaimahaiak.

Bestalde, Euskerazko Ume eta Gazte Literatura modalidadeko epaimahaiak aurtengo Euskadi Literatura saria Harkaitz Canorentzat dala erabagi dau. idazlearen laugarren Euskadi Literatura saria da hau. Epaimahaiko kideen eretxiz, -Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez- liburu ilustratuak liburutegiei omenaldia egiten deutse eta literaturaz harago, heriotzea, maitasuna, senitartekoen hartu-emonak eta beste horrenbeste gai unibersal jorratzen ditu protagonistearen bizitzatik abiatuta eta beste idazle asko gogora ekarrita istoriora. Mundua hankaz gora badago be, kontakizun hau baikortasunerako konbita dala esan geinke. Edizinoari jagokonez, parebakoa da kontakizun honen irakurketarako eta ilustrazinoen kontenplazinorako, zehaztu dau epaimahaiak.

David de las Herasen Campos de Castilla lanaren inguruan epaimahaiak ondokoa uste dau: lan biribila da, maisutasunez erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazinoa poesia bihurtuz. Arlo artistiko eta grafiko askotako baliabideak erabilteagaitik da azpimarragarria lan hau. Irudi batzuk xehetasun osoz islatu ditu eta beste batzuk zirriborro moduan, beti be emoitza kohesionatua lortuz. Baliabide ugari erabilteagaitik be, lanak ez dau bere osotasuna galtzen eta konposizino hausteakaz erritmoa eta musikaltasuna lortu ditu.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, Euskadi Literatura Sariakaz zuon lana autortu nahi deutsuegu eta, aldi berean, zuen lanak gizarteari ezagutarazo. Lehendakariordeak aitatu dauenez, kulturea gizartea eraldatzeko motorra da eta liburu honeekaz ekarpen bat egiten gabiz euskal gizarteak errespetuaren, aniztasunaren eta espiritu kritikoaren oinarriak indartu daizan. Esangura honetan, herritarrak konbidau ditu hiru egile honeek sortutako istorio zoragarriak irakurri deiezan.

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diren laurak, Literaturea Gaztelaniaz, Euskerazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskeraz eta Saiakera Gaztelaniaz, datorren astean iragarriko dira. Saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau, eta beste 4.000 euro eskuratu leike bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskerazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 21ean izango da Vitoria-Gasteizko Artium Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu