DA! PRO topaketan parte hartu nahi daben sortzaileek urriaren 8tik 18ra bitartean emon leikie izena

Bizkaie! 2024-10-08 07:54   Kulturea

Topaketea bueltan da, kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko helburuz.



Durangoko Azokearen eragina aprobetxauta, euskal kulturea bultzatzeko veste tresna bat izateko jaio zan DA! PRO eta aurtengoa seigarren edizinoa izango da, zemendiaren 26an eta 27an egingo dalarik. BBK Fundazinoa izango da topaketearen babesle nagusia. Bertan parte hartu nahi daben sortzaileek urriaren 8tik 18ra bitartean emon ahalko dabe izena hemen., durangokoazoka.eus. Programatzaile eta teknikarientzako epea, barriz, zemendiaren 11n hasiko da.

Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko ditue euren lanak. Bakotxak tarte bat izango dau, azalpenak emon zein proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko.

Zemendiaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko ditue Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txandea izango da, Plateruena kultur aterpean. Topaketea atondu ahal izateko zenbait laguntzaile be batuko dira egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskera alkartea eta bibliotekea izango dira bidelagun, eta bigarrenean Musika Bulegoa. Topaketearen bidez, asmo bi hauspotu gura ditue atontzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar zabaltzea eta kultur areto eta jaialdien programazinoa euskerazko ekitaldiakaz elikatzea.

Bestalde, nabarmentzekoa da topaketan izena emongo daben sortzaileen proposamenak katalogo banatan -musikea eta familia ikuskizunak- jasoko dirala. Katalogo hori teknikariei eta programatzaileei eskainiko jake, kontratazinoak egiteko erabilgarri izan deien.

Durangoko Azokeak babesle eta laguntzaileakaz batera atontzen dauen topaketa mamitsua eta aberatsa izaten da. Igazko edizinoan, esate baterako, jardunaldi bakotxean hamabi proposamen aurkeztu zituen sortzaileek.

MusikaGaz Fest jaialdirako atea

Musikarien kasuan, hautaketa prozesu zuzen baterako atea be izango da zemendiaren 27ko topaketea, izan be, Amorebieta-Etxanoko Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko ditu MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak. 2025eko urtarrilaren 25erako iragarrita dago kontzertu hori, Amorebieta-Etxanon bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu