IX. Baffesteko finalisten erretratuek Barakaldoko kaleak apainduko ditue urriaren 31ra arte

Bizkaie! 2024-10-03 13:17   Kulturea

Txapel Horia nor izango dan jakingo dogu urriaren 5ean.

Madrilen egindako aurkezpenean ezarritako mugarriak bete eta gero, hemen da IX. Baffest. Orain, lehiaketako 8 finalistak Barakaldora etorri eta euren lanak uriko kaleetan egongo dira ikusgai.

Agintariek eta argazkilariek aurtengo edizinoa estreinau dabe gaur goizean Barakaldoko Musika Konserbatorioan. Ondokoek parte hartu dabe: Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Sara Berasaluce Lehiaketaren zuzendaria. Aurkezpena amaitutakoan, agintariek eta hedabideetako kideek Arguiñe Escandón artista gonbidatuaren erakusketea bisitau dabe.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak adierazo dauenez, Baffest jaialdi bat gehiago da, printzipioen adierazpen bat baino. Harrotasun ekintza bat gure uriarentzat. Kultura, bardintasuna eta artea kalean dagoz. Barakaldo feministea da, eta jaialdi hau genero-bardintasunagaz, justizia sozialagaz eta guztiontzako aukerak sortzeagaz dogun konpromisoaren beste froga bat da. Emakumeei artearen munduan ikusgarritasuna emoteko konpromisoa hartu genduan; hareek egindako lanari bozgorailua emoteko konpromisoa hartu genduan. Gaur Alkartuko Lehen Mailako ikasleak ditugu aurkezpen honetan. Adibidea. Erreferenteak. Aukerak. Bardintasuna. Hori da transmitiduten gabizena. Barakaldo femenista. Barakaldo, bere herria, erreferentea. Alkate eta alkate feminista nazen aldetik, harro nago.

Barakaldoko Udalak Fotopop Producciones Culturalesen laguntzaz bultzatzen dauen Baffest festibalaren IX. edizio honen helburua da argazkilaritzea, adierazpen artistiko lez ulertuta, herritar danei hurreratzea, argazkiak udalerrian egunero-egunero erabilten ditugun gunetan jarrita. Aurtengo edizinoak 11 argazkilariren lanez jantziko ditu Barakaldoko kaleak: zortzi finalisten lanez, Arguiñe Escandón artista gonbidatuaren lanaz eta Baffest 2023 Emakume Argazkilarien VIII. lehiaketea irabazi eban Malu Reigal eta Carolina Diegoren lanez.

Finalistak eta erakusketak

Joan den bagilean, Barakaldoko Baffest festibalak Emakume Argazkilarien bederatzigarren lehiaketako zortzi finalistak iragarri zituan, finalerdira heldu ziran 20 artisten artean aukeratutakoak, Baffest Asteburu Online saioan lanen defensea egin ostean. Esangura horretan, festibalaren aurtengo edizinoko zortzi finalistak honako honeek izango dira: Fernanda Del Barrio, Ensayos para llenar un vacío; Julie Debarre Poner en mi ataúd o quemar; Lilia Ana Ramos, This is Acentejo; Patricia Bofill, Mudar la piel; Paula Artés, Energía sumergida; Paula Elena Ramos, Actriz. Monja. Bandolera; Usue Belandia, Construir desde adentro; eta Virginia Villacisla, Gasolina.

Erakusketak jarteko, leku honeek aukeratu dira: Juan de Garay kalea (Malu Reigal), Francisco Gomez kalea (Carolina Diego), Miranda etorbidea (Arguiñe Escandón), Askatasun etorbidea (Finalistak) eta Clara Campoamor Kultur Etxea. Mapea konsultau hemen.
https://www.google.com/maps/d/u/0/edit?mid=1LNyX9ULIya0Rmeik2eL9k6PXJhlh
d40&usp=sharing

Ane Abaldek, Carmen Dalmauk eta Laura C. Velak osotuko dabe epaimahaia eta Yone Estivarizek eta Sara Berasalucek koordinauko. Epaimahaiak Baffest 2024 Emakume Argazkilarien Lehiaketearen irabazlea izango dan argazkilariaren lana aukeratuko dabe. Irabazleak 600 euroko saria jasoko dau eta 2025eko edizinoan komisariautako bakarkako erakusketa egiteko modua izango dau, festibalak produziduta.

Baffest Argazki Eguna

Urriaren 5ean, festibalaren egun bereziena izango da Clara Campoamor Kultur Etxean, izan be, aurtengo Txapel Horia nor izango dan jakingo dogu (20:00tan), zortzi finalistek lanak epaimahaiaren aurrean defendidu eta gero. Egun horretan bertan, beste jarduera batzuetan be parte hartzea izango da, besteak beste, jaialdiko argazkilari guztiek egingo daben bisita gidatu berezi batean. Bisitaldi edegi horretan, aurtengo edizinoko erakusketa guztiak ikusi ahalko dira eta argazkilari bakotxak labur azalduko dau aurtengo edizinoan aurkeztutako lana.

Beste kultur erakusketa batzuekaz hartu-emonak sendotu eta euskal kulturea Estadutik kanpoko bisitariei hurreratzeko asmoz, Mahai Bueltan jarduerea be izango da jardunaldian, mahai-inguruan topaketa bat egingo da, argazki erakusketa txiki bategaz, Barakaldoko Laguntasuna Elkartearen urteurrena dala eta (euskal kulturea zabaltzen 75 urte beteten ditu). Jarduera hau Vitoria-Gasteizko In Situ Arten laguntzeagaz egiten da.

Era berean, euskal emakume argazkilariek oraintsu argitaratutako fotoliburuen aurkezpena egingo da. Erakusketa edegia izango da, Clara Campoamor Kultur Etxean, arratsaldean. Lau argazkilarik hartuko dabe parte bertan, Fotolibro Km 0 izenburuko ekitaldiaren harian: Izaskun Luengas, Idoia Lahidalga, Amaia Gonzalo eta María Ozkoidi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu