VI. Hiriko Soinuak Lehiaketeak baditu irabazleak

Bizkaie! 2024-10-03 10:46   Musikea

Deep Sea Monk, DeBuk, Edgar Allan Pop eta Erromintxelak hain zuzen be.

Irabazleen argazkia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Deep Sea Monk (sari nagusia), DeBuk (Barakaldoko artistarik onena), Edgar Allan Pop (Bardintasun saria) eta Erromintxelak (euskerazko artistarik onena) izan dira Barakaldoko Udalak sustatutako Hiriko Soinuak lehiaketearen seigarren edizinoko irabazleak.

Finala joan dan zapatuan, irailak 28, izan zan Barakaldoko San Bizente parkean, 500 persona inguru bertaratuz. Guztira, bederatzi artista egon ziran oholtza gainean: Deep Sea Monk, Silkat eta Simón Carranza, kategoria nagusiko finalistak; DeBuk, Momak eta Steven Nota Real, Barakaldoko artistarik onenaren kategoriako finalistak; eta Buiah, Edgar Allan Pop eta Laztana Laztana, Bardintasun sariko finalistak. Kontzertuak amaitzean eta epaimahaiaren deliberazinoaren ondoren, kategoria horreetako proposamen irabazleen izenak jakinarazo ziran, baita euskerazko artista onenaren sariaren irabazlearena be, Erromintxelak hain zuzen be.

Deep Sea Monk rock laukote bilbotarra da eta musikea amerikarraren influentzia ugari ditu. DeBuk taldeak 90eko hamarkadako grungean oinarritutako rock alternatiboa egiten dau, gitarrak, erritmo dinamikoak eta letra introspektiboak erabiliz. Edgar Allan Pop, Beatriz Alvaro arabarra eta Jaime Buenaventura madrildarra dira, Triángulo de Amor Bizarro, Apartamentos Acapulco edo DIIV lako taldeen oihartzunak dituan pop bikotea. Azkenik, Erromintxelak Arrasateko swing jantzagarria egiten dauen taldea da.

Saritutako lau proposamenak urriaren 25ean eta 26an Barakaldoko Herriko plazan egingo dan Hiriko Soinuak jaialdian ibiliko dira, Lagartija Nick eta Ana Curra (barikua 25) eta Derby Motoreta's Burrito Kachimba eta The Bo Derek's (lzapatua 26) kartel buru dirala. Kontzertuak 19:20an hasiko dira (egun biak barne).

Herriko plazako kontzertuez gan, Hiriko Soinuak lehiaketako gainerako sariak ondoko honeek dira:

  • Deep Sea Monk (kategoria nagusiko artista onena): Disko bat grabau, produzidu eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • DeBuk (Barakaldoko artistarik onena): Disko bat grabau, produzidu eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Edgar Allan Pop (Bardintasun saria): 4 abestik osotutako EP bat grabau, produzidu eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Erromintxelak (euskerazko artistarik onena): 4 abestik osotutako EP bat grabatu, produzidu eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu