'Erik Satieren erretratua (c. 1893-1894)', Bilboko Arte Ederren Museoan
2024-10-03 09:20 KultureaBegoña María Azkuek itxitakoa da Ignacio Zuluagaren obrea.
1908an sortu zanetik, Arte Ederren Bilboko Museoak dohaintza eta legatuei esker handitu ditu bere bildumak. Lan berriak lortzeko modu horri eutsi jako eta Museoaren bereizgarri argienetako bat bilakatu da: Museoaren ondare artistikoko obren % 60 baino gehiago partikularrek, erakundeek eta beste erakunde korporatibo batzuek legadu edo dohaintza lez emona da.
Igaz, Begoña María Azkue batu zan segida historiko horretara; hain zuzen, bere azken-nahietan Museoaren aldeko legadu bat formalizau eta oso-osorik bilduma aberastuko daben artelanak erosteko erabilteko eskatu eban.
Lehenengo erosketea William Bouguereau: El voto en Sainte-Anne d’Auray (c. 1870) mihise gaineko orio-pinturea izan zan. William Bouguereauren lan aitagarri horrek Museoaren XIX. mendeko pintura-lanen multzoa osotzen dau. Madrilgo Ansorena enkante-etxean erosi zan 2023an, 165.466 euroan eta urte bereko zemendian aurkeztu zan aretoan.
Orain, Museoak ezagutzera emon nahi dau 2023ko abenduan Parisko Drouot Hotelean Giquelloren enkantean erositako bigarren margolana, 54.600 euroan. Ignacio Zuloagak 1893-1894 inguruan Parisen pintautako Erik Satieren erretratua da. Eskurapen horri esker, Zuloagaren obra goiztiar bategaz osotzen da Museoan euskal artistearen lanetik konserbetan diran pinturen multzo aitagarria (10): Campo Alegreko kondearen erretratua (c. 1892), Eguzkitakodun dama (c. 1895-1897), Pikatzaile ijitoa (1903), Adela de Quintana Moreno andrearen erretratua (1910), Kardinala (1912), Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913), Rosita Gutiérrez andrearen erretratua (c. 1914-1915), Errioxako paisaia (c. 1935) eta Emakume-biluzia (c. 1939).
Obrearen interes artistikoaz harago, azken eskurapen horrek omenaldia egiten deutso Begoña María Azkueri, musikari amorratuari.
Ignacio Zuloaga. Erik Satieren erretratua (c. 1893-1894)
Museoan Ignacio Zuloagaren (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) obrek osotzen daben bildumara frantziar konpositore Erik Satieren (Honfleur, Calvados, Normandia, 1866 - Paris, 1925) erretratu hau ekarrita, artistearen gaztaroko produkzinoaren garaia osotzen da, aintzat hartuta ia ez dagoala sasoi horretako lanen eskaintzarik merkatuan. Mihiseak dokumentetan dauen garaian, Eugène Carrièreren eragina agertu zan Zuloagaren pinturan eta artisteak paleta inpresionistearen naturalismoa baztertu eta sinbolismora hurrreratzen daben kromatismo mugatura eta ilunpeko argiztapenera jo eban. Holan, barrualde zehaztu bakoan, Satie gaztearen bustoa agiri da, arpegia hiru laureneko profilean pintauta, ia argirik barik, eta Montmartreko itxura bohemioaz, bizar eta ule luzeakaz, betaurrekoak eta lebitea jantzita, musikariak 1895etik aurrera eta hamar urte baino gehiagoan jantzi eban pana berdezko «uniformearen» aurrekari legez.
Begoña María Azkue (Bilbo, 1944-2023)
Begoña Azkue Etxebarrin jaio zan 1944an eta gogotsu jardun eban kulturearen arloan bere bizialdi osoan, bere zaletasun personalak jorratuz.
Konpromiso handia eban euskereagaz eta euskal kultureagaz; hain zuzen, Bilboko Urretxindorra ikastoleagaz oso lotuta egon zan eta harentzako material pedagogikoak bueltau zituan. Gainera, zuzenean parte hartu eban Deustuko Unibersidadeko helduentzako prestakuntza-geletan.
Kulturea maite eban, esangurarik zabalenean, eta pasino horrek bultzatuta, egin zituan bidaietan, kultura semitaren eta mediterraneoaren ezagutzan sakondu eta aukerea izan eban nazinoarteko auditorium eta musika ekitaldi garrantzitsu askotara joateko.
Begoña Azkue izakeraz diskretua zan eta Museoaren Lagunen Komunidadeagaz bat egin eban 2020an, pandemiagaitik gogorra zan momentuan. Aurrerago hartutako konpromiso hori berretsi eban, testamentuan jasota itxi baitzeban Arte Ederren Bilboko Museoaren bildumea aberasten laguntzeko eban borondatea, filantropia zibiko eta kulturaleko azken ekintza legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!