Itziar Atienza eta Golden Apple Quartet taldea XX. Besarkada Sarien irabazleen artean

Bizkaie! 2024-10-03 08:22   Kulturea

EAB Euskal Aktoreen Batasunak XX. Besarkada Sarien irabazleak iragarri ditu.





Euskal Aktoreen Batasunak (EABk) Besarkada Sarien hogeigarren edizinoari ekin eutson bart eta bertan sindikatuko afiliatuek lankideek egindako lanakaitik saritu zituen. Galea emozinoak, umoreak eta ikusgarritasun gitxiago izan daben antzezle eta aktoreen lanaren errekonozimenduak markau eben eta Palestina herriagazko alkartasuna be nabarmena izan zan, Alizia Otxoa idazkari nagusiaren diskursoan alde batetik, palestinarrak eurenganako genozidioa salatu baitzeban eta galara bertaratu ziran gehiengoenen pegatinek adierazoten eben moduan, egungo gatazkea amaitzea eskatzen eben pegatinak hain zuzen.

Telebista Kategoria

Telebistan, emakumezko aktore onenaren saria Itziar Atienzak irabazi eban, Entrevías telesail arrakastatsuan egindako lanagaitik eta gizonezko aktore onenarena, barriz, Gorka Otxoak eskuratu eban, Machos Alfa telesailean egindako lanagaitik. Otxoak hunkituta jaso eban saria bere familiaz inguratuta, berotasun eta hurrrekotasunez betetako momentuan.

Telebistako errebelazino saria Sambou Diabyri emon jakon, ETBko Itsaso telesailean lan bikaina egin dauen aktorea eta laister Artedramaren eskutik eszenatokian antzezlan barri bategaz izango dana.

Zinema Kategoria

Zinemako sariak bik jaso zituen: Ane Gabarainek, 20.000 especies de abejas film txalotuan egindako lanagaitik errekonozimendu ugari jaso dituan aktorea izan zan Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso ebana; bestalde, Eneko Sagardoy nabarmendu zan Gizonezko Aktore Onenaren saria irabaziz, Irati, 2023an euskeraz produzidutako pelikula bakarrean egindako lanagaitik.

Antzerki Kategoria

Erabagigarrriak izan ziran azkeneko boto gitxi batzuk, hainbat izentau egon baitira; azkenean, Olatz Ganboak irabazi dau Emakumezko Aktore Onenaren saria, Festen antzezlanean egindako lan ederragaitik; eta Kepa Errasti izan da Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso dauena, Posdatarik gabeko gutuna filman egindako lanagaitik. Errasti, galearen zuzendarikidea, bere aldakortasunagaitik eta presentzia eszenikoagaitik nabarmendu eben.

Antzerkiko Errebelazino Saria Leire Ormazabalek jaso eban, Ramon Bareak zuzendutako Pio Barojaren La lucha por la vida eleberriaren egokitzapenean interpretautako personaiei emondako ñabarduren aniztasunagaitik arrasto ezabatuezina itxi baitau. Ormazabalek ez dagoala rol txikirik, aktore handiak baino ikusarazo deusku.

Ohorezko Saria

Golden Apple Quartet talde ikonikoarentzat izan zan eta saria abesten jaso eben. Taldearen agerraldia gaueko unerik hunkigarrienetako bat izan zan eta holan, laukoteak amaiera bikaina emon eutson musika eta umoreari eskainitak hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari.

Umore eta aldarrikapenez betetako Galea

Hodei Arrastoa eta Kepa Errastik zuzendutako galak umorea erabili eban antzezle gehienen lan ikusezinari balioa emoteko, arpegi ezagunak ez izan arren, Euskal Herriko arte bizien ekosistemearen eusle nagusiak baitira. Galako aurkezleak, Alazne Astorga, Ima Koiote, Mirena Nafarrete eta Jaione Urtasun, guztiak euren karreren hasieran dabilzan aktoreak, Xanti Korkostegigaz batera egon ziran, aurreko edizinoan Errebelazino Saria izan zan aktorea.

Galeari amaierea emoteko, euskal aktoreen arteko babesa eta batasuna adierazoteko mezua zabaldu eben, kolektiboak kultur-eszena bizi, anitz eta konprometidu bat eregiteko dauen garrantzia azpimarratu guran.

Oharra: Erretratuak: Ainhoa Resano.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu