Bermeoko Turismo Bulegoak 14.294 bisitari hartu ditu udan

Bizkaie! 2024-10-02 09:55   Pil-pilean

Erabiltzaile kopuruak behera egin dau.

Bagilaren 1etik irailaren 30era bitartean, Bermeoko Turismo Bulegoak 14.294 bisitari hartu ditu. Aurreko urteakaz alderatuta, Turismo Bulegoaren erabiltzaile kopuruak behera egin dau. Bisitariak gero eta informazino gehiagogaz etorten dira euren jatorrizko lekuetatik, adierazo dau Bego Gangoiti Canga Turismo Bulegoko arduradunak.

Udako turismo datuek ezagutzera emon dabe eguneko bisitarien kopuruak behera egin dauela. Hori bai, gora egin du nabarmen udalerrira astebete pasetan datozen turistak. Aldaketa horren ondorioz, gaur egun, turistek konsulta sakonagoak egiten dituela aitatu dau Gangoitik: Turistek dakarten informazinoa lehen egun bietarako agortzen jake eta, gero, informazino personalizatuagoa behar dabe gainontzeko egunetarako.

Udako hilebeteak kontuan hartuta, urtero lez, abuztua izan da jentetsuena. Hilebete horretan, 6.868 bisitari hartu ditu Turismo Bulegoak, garagarrilean 3.448, bagilean 2.060 eta irailean 1.918. Garagarrileko turismo jarduerea nabarmendu dau Gangoitik, aurtengoa apur bat arraroa izan dala aitatuz, eta sektorea be holan doala gaineratu dau: eguraldi ezegonkorra egon da, merkatu estataleko geure bisitarien profilaren artean dagozanak nazinoarteko bidaietara jo dabe... Ondorioz, garagarrila hile gatxa izan da turismoari jagokonez.

Bisitarien jatorriari jagokonez, gehienak estadukoak izan dira: madrildarrak eta katalanak eta atzerritarren artean, frantsesak.

Sareko informazinoaren garrantzia

Turismo Bulegoko arduradunak nabarmendu dau, gaur egun sare sozialek eta webgune geroago eta garrantzia handiagoa dabela: hori da geure indar gunea Interneten. Eguneratuta eukitea ezinbestekoa da, bai sektorearen produktuak saltzeko, baita turista potentzialak informazino baliogarria izateko be. Bagiletik irailera bitartean, 21.009 bisita izan ditu Turismo Bulegoaren webguneak; Facebook eta Instagram sare sozialetatik be, bisita ugari izan ditue.

Gaztelugatxeko autobus zerbitzua

Aurten, garagarrilean eta abuztuan, Turismo Bulegoak Gaztelugatxera joateko autobus zerbitzua eskaini dau. Guztira, 5.200 sarrera egon dira salgai eta horreetatik, 3.914 saldu dira, % 75,26 hain zuzen be. Abuztuan, sarrera danak saldu ziran.

Ganera, zerbitzuko erabiltzaileen asetasun mailea oso altua da, izan be, balio handiko bisitak dirala uste dabe, nabarmendu dau Gangoitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu