Japonia, Taiwan eta Euskadi bat datoz

Bizkaie! 2024-10-02 08:30   Kulturea

Ana Otadui Biterik egin deutso harrerea Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Alkarteari.



Aspalditik Asiako herrialde bien arteko hartu-emonak estutu guran dabilen Japoniaren eta Taiwanen arteko Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Alkarteko ordezkaritzeak Gernikako Batzar Etxea bisitau dau. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak, Idoia Buruaga Barcena, bigarren buruak eta beste herri batzuekaz kultur eta ekonomia hartu-emonak estutzeko behar egiten dauen erakunde horretako kide talde bat hartu dabe.

Asiako herrialde bien arteko hartu-emon onak orain mende bat hasi ziran oinarritzen, Japoniako Showa enperadoreak 1923an Taiwanera egin eban bisita ofizialean. Bisita harek oihartzun handia izan eban gizartean. Bisiteak herrialde bien arteko hartu-emon afektiboak hobetzeko atea edegi eta horretarako gurearen antzeko mekanismoa erabili zan, hau da, anaitasun hori esangura politiko handiko espezieak landatuz sinbolizetea eta zabaltzea. Herrialde bien kasuan, kereizondoa izan da historian zehar hainbat gatazka dirala-eta kaltetutako hartu-emonak sendotzeko balio izan dauen zugatz-espeziea.

Asiako ordezkaritzea liluratuta geratu da Euskal Herriarentzat karga sinboliko handia dauen Gernikako Arbolearen magnetismoaren aurrean. Sakurahanakaikarisha (taiwaneraz) alkarteko ordezkari talde handiak argazkia atara dau haretx sagraduaren aurrean. Bertan, zugatzaren historiari eta Foru Parlamentuaren gaur egungo egitekoei buruzko azalpenak jaso ondoren, bertako egoitzetan ibili dira, osoko bilkuren aretoan, beiratearen aretoan edo liburutegian, besteak beste. Amaieran, Otaduiren bulegoan, Batzar Nagusiak erakuderen Sinadura Liburuan izenpetu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu