21 establezimendu bilbaoDendaken Tokiko Merkataritzearen Urteko Sarietan
2024-10-01 13:22 Pil-pileanZerbitzu Enpresa Onena kategoria ezarri da aurten.
2024ko Bilboko Faboritoak ezagutuko ditugu laster. bilbaoDendak, uriko merkataritza eta turismo sektorea sustatzeko plataformeak urteko sariak atontzen ditu. Gaur ezagutzera emon dira zazpi kategoriatan banatutako 21 komertzio, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu izentauak. Irabazleen izenak urriaren 16an, eguaztenean, Euskalduna Jauregian egingo dan XVII. Merkataritza Sarien Galan jakinarazoko dira.
Izentautako 21 establezimenduen barri emon dabe gaur Sergio Arróspidek aurkeztutako ekitaldian; bertan izan dira Rafael Gardeazabal bilbaoDendakeko presidentea eta Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, Bilboko Merkatarien Alkarteetako ordezkariak eta hainbat konbidadu Azkuna Zentroko Bastida aretoan.
bilbaoDendakeko presidente ohiek eta erakunde babesleek osotutako epaimahaiak erabagiko dau kategoria bakotzeko irabazlea, Publikoaren Faboritoa izan ezik. Azken hori, izenak dinoen legez, herri-botazino bidez aukeratuko da. Gaurtik 13ra arte, urteko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimendurik onenaren aldeko botoa emon daiteke. Webgunean bilbaodendak.eus gehien lortzen dituen 21 izentauen artean dagoan establezimendua 2024ko Publikoaren Faboritoa izango da.
Era berean, botoa emon daben persona guztien artean bilbaoDendaken 300 euroko Opari Txartel bat zozketatuko da, gure uriko saltokietan eta ostalaritza eta zerbitzu-enpresetan erabili ahal izateko.
Izentautako establezimenduek banderola bat eta bereizgarri bat izango ditue gaurtik aurrera finalista dirala ezagutarazoteko eta herritarrak botoa emotera animetako, holan Publikoaren Faboritoa saria irabazi ahal izateko. Horrezaz gan, urriaren lehen hamabostaldian Abandoko metro geltokian argazki erakusketa bat egongo da eta ondoren, hilaren 16tik 31ra, Moyuako geltokian. Era berean, Ertzilla kalean eta Arriaga Antzokiko plazan kubo handi bi jarri ditue finalista guztiakaz.
Kontuak kontu, bilbaoDendak uriko zonaldeko hamahiru merkataritza-alkarte biltzen ditu, 2.000 establezimendu baino gehiago. Merkataritza Sarien Galea sektore honen urteko jai handia da. XVII. Merkataritza Sarien Galea urriaren 16an, egingo da Euskalduna Jauregian. Tokiko merkataritzearen lana goraipatzeko urteko jai honetan, kategoria bakotxeko irabazleak ezagutzera emongo dira, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Deia, Kutxabank, El Corte Inglés, Metro Bilbao eta Adresles etxeen babesari esker.
Gaurtik aurrera, jenteak bilbaodendak.eus helbidean botoa emon leike bere saltoki, ostalaritza edo zerbitzu establezimendu Faboritoaren alde eta 300 € irabazi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!