Iker Badiola Etxaburu, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen zuzendari barria
2024-09-30 13:52 Pil-pileanPerez Iglesias ordezkatu dau zuzendaritzan.
Eva Ferreria Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak Iker Badiola doktorea izentau dau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari bezala.
Badiola (Ondarroa, 1978) 2001. urtean Biologia Zientzietan lizentziau zan eta 2007an doktore titulua lortu eban UPV/EHUn. Gaur egun unibersidade bereko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadean irakasle osoa eta Biologia Zelularra eta Histologia Saileko zuzendari akademikoa da.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrearen zuzendariak ikertzaile gazte onenaren saria jaso eban 2006an eta Galizako Zientzien Errege Akademiak emoten dauen Ernesto Viéitez saria 2019an gibeleko metastasiaren aurkako terapia bat garatzeagaitik. Guztira, 28 artikulu zientifiko argitarau ditu, patente baten sortzailea da, Histologiari buruzko lau liburu idatzi ditu eta hiru doktore-tesi zuzendu ditu. Katedrako zuzendari barriak Kopenhage eta Torontoko Unibersidadean egonaldiak egin ditu eta Innoprot SL eta Nanokide Therapeutics SL enpresa bioteknologikoen sortzailea da. Gaur egun gibeleko metastasiaren aurkako terapia barriak lortzeko lanean ari da UPV/EHUko Signaling Lab taldean.
Horrezaz gan, Badiolak eskarmentua dau zientzia-dibulgazinoan. Hainbat komunikabideren ohiko kolaboratzailea izan da, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedreagaz be kolaborau dau eta minbiziaren oinarri zelular eta molekularrak adierazoten dituan El cangrejo de Troya dibulgazino liburua idatzi dau.
Badiolak Perez Iglesias ordezkatu dau zuzendaritzan
Badiolak Juan Ignacio Pérez Iglesias ordezkatuko dau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen zuzendaritzan, izan be, azken hau bagilean Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailburua izentau eben. Zuzendari barriak adierazo dauenez, helburu nagusia Katedrak zientzia-dibulgazinoan dauen erreferentzialtasunari eustea da. Gizarteari ezagutza zabaltzen jarraitu dogu gizarte eragileakaz lankidetzak sortuz eta saretuz.
Holan, Badiola Katedreak bere sorreratik izandako bigarren zuzendaria izango da. 2010. urtean sortu zan UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrea unibersidadearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioaren ondorioz. Ordutik hainbat ekimen jarri ditu martxan zientzia-dibulgazinoa sustatzeko. Horren adibide dira Naukas Bilbao, Genero eta Zientziaren Komunikazinoa, Eboluzinoa eta neurozientziari buruzko jardunaldiak, Darwin Eguna, Pi Eguna edota berbaldi zientifikoen zikloak
Jarduera horri gehitu behar jako egunero Cuaderno de Cultura Científica, Zientzia Kaiera, Mujeres Con Ciencia eta Mapping Ignorance blogetan argitaratzen diran zientzia-dibulgazinoko artikuluak.
Zientzia-dibulgazinoan erreferentea
Hamalau urteko bidea egin ondoren UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrea erreferentzia bihurtu da estadu mailan kulturearen esparruan zientzia gizarteratzen egindako lanagaitik. Horren adibide dira, esaterako, 2014ean jasotako Prisma saria, Espainian zientzia-dibulgazinoa autortzen daben saririk garrantzitsuenetakoa, 2017ko Buber Sariak zientzia edukiak blogen bidez sarean zabaltzeko egindako lanagaitik, 2023ko EHUko Euskera, Kulturea eta Nazinoartekotzearen arloko Errektoreordetza emondako Irulegiko eskua autortzea edota 2024an Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari Saria zientziaren arloan bardintasuna jorratzen dauen Mujeres con Ciencia bloga egitasmoa aurrera eroateagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!