'Antonio de Guezala (1889-1956). Funts berria'
2024-09-30 07:35 KultureaBilboko Arte Ederren Museoan, 2024ko irailaren 27tik 2025eko zezeilaren 27ra.
Arte Ederren Bilboko Museoa erreferentziazko zentroa izango da Antonio de Guezala margolariaren (Bilbo, 1889-1956) obrearen konserbazinoari eta ikerketeari jagokenez, izan be, haren bildumara ekarri dau, erosketa, dohaintza, eta gordailutze bidez, margolari horren familiaren funts artistiko eta dokumental baliotsuaren zati esanguratsu bat. Guezalak konserbau eta familartekoen esku egon da. Hareek, barriz, bere horretan jaso eben margolariaren alaba Julia Guezala Guinearengandik (1922-2008).
Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina ugariko ikuspegia islatzen daben obra, dokumentu eta askotariko objektuak tarteko dirala. Artista originala izan zan Guezala eta, XX. mendearen hasierako jokera plastiko barritzaileen harian, margolari, ilustratzaile, kartelgile, karikaturagile, eszenografo eta ex librisen sortzaile jardun eban.
Funts barriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osotzen dabe: artistearen 42 pintura eta papel gaineko obrak eta Sonia Delaunayren akuarela bat. Lan horreek 950.000 €-ko balioa dabe eta Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazinoaren lankidetzeari esker eskuratu dira. Eragiketa horren ondorioz, 7.400 pieza heldu dira dohaintza bidez –kontuan hartuta marrazkiak, kartelen diseinuak, inprimaki iragankorrak, bere eta beste artista batzuen ex librisen bildumea, argazkilaritzako, filateliako eta heraldikako albumak eta liburutegiaren parte bat–, bai eta Guezalaren sei obra eta beste egile batzuen lau obra be gordailutze bidez –azken horreen artean dira Luis Bagaría marrazkilaria eta Anselmo Guinea margolaria, Guezalaren lehen emazte Eloísaren aita–.
Funts barriko lanen sorta hautatu bat ikusi daiteke, orain, Ekitaldiartea erakusketako 8-10 bitarteko aretoetan. Hain zuzen ere, Arte Modernoaren Bilboko Museoa edegita egon zan urteetan, 1924tik 1945era, Guezalak ezagututako testuinguru soziokulturala aztertzen dau erakusketa horrek. Artista eta askotariko ekimenen babesle lez, Bilboko bizitza kulturalaren sustatzaileetako bat izan zan Guezala, Euskal Artisten Alkartea sortzen parte hartu eban 1911. urtean eta, aurrerago, uriko Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen patronatuetako batzordekidea izan zan.
Antonio de Guezalari buruz orain arte egin dan erakusketarik inportanteena atondu eban Arte Ederren Bilboko Museoak 1991ko abendutik 1992ko urtarrilera. Pilar Mur historialaria izan zan erakusketa horren komisarioa eta artisteari buruzko ikerketa zehatza argitaratu eban, museoak orduan plazaratutako monografian.
Artistarenganako interesaren erakusgarri da bilduman konserbatuta dagoan obra multzo bikaina, hortxe nabarmentzen baita, kartelez, beste lan grafiko batzuez eta familiako argazkiez gan, artistearen eta Gerra Zibilaz aurretiko espainiar arteko margolanik ikonikoena: Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua (1927). Bilduman dagoz, era berean, Concha (1915), Artisten gaua Ibaiganen (1927) eta Eresoinka izenburuko bi mihiseak, 1939koak.
Erosketea
Museoak aukerea izan du, Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzeari esker, beste obra bikain batzuk erosteko, sano aberasteko artisteak bilduman dauen presentzia: Guezalaren Eloísa Guinea de Guezala (1916) eta Tranbien arteko talka Areatzan (1922) margolanak, eta haren lagun Sonia Delaunay margolari eta diseinatzailearen Emakume dantzaria (1916) akuarelea. Baita Guezalak Euskal Artisten Elkarteko lagunei egindako karikatura zoragarriak, baita Euskadiko IV. Txirrindularitza Biraren kartelaren zirriborroa (1927) edo 1938 inguruan karta sorta baterako diseinatutako zirriborroak.
Dohaintzea
Aldi berean, Guezalaren ordezkaritza nabarmen handitu da, familiak konserbauta eukan eta museoari osorik dohaintzan emondako papel gaineko obren katalogo garrantzitsuari esker. 7.350 bat objektu dira, horreen artean ex librisak eta material filatelikoak eta diseinatzaile eta ilustratzaile lez egindako lanaren corpus aparta: jatorrizko zirriborroak eta marrazkiak, grabatuak, kartelak eta liburu eta aldizkarien azalen diseinuak, baita orotariko inprimaki iragankorrak be, hala nola Francisco Durrio, Pío Baroja, Julián de Tellaeche, Juan de Echevarría eta Ignacio Zuloagaren omenaldietarako sortutako menuak eta gonbidapenak.
Lan horreek argi erakusten dabe diseinatzaile grafiko lez egindako lan esperimental zabala, askotariko teknikak eta euskarriak batzen dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!