Alaine Agirre Garmendiak irabazi dau 43. Lizardi Saria

Bizkaie! 2024-09-30 09:26   Kulturea

Euri eta ateri lanari esker.

Alaine Agirre Garmendia bermeotarrak irabazi dau Lizardi Sariaren 43. edizinoa Euri eta ateri lanagaz. Holan, idazle bizkaitarrak bigarrenez eskuratu dau literatura sari hura, izan be, 33. edizioan, Hau ez da zoo bat lanari esker lortu eban.

Agirrek 2013an argitarau eban bere lehen lana ume eta gazte literaturean eta ordutik, hainbat sari jaso ditu, esaterako: Lizardi Saria 2015an (Hau ez da zoo bat), Zidarrezko Euskadi Saria 2015ean (X hil da), Lazarillo Saria 2016an (Martin) eta Joseba Jaka Saria 2017an.

Yolanda Arrieta eta Nerea Loiola idazleak eta Amaia Serrano EHUko irakasleak osoturiko epaimahaiak holan adierazo dau harturiko epaia: Euri eta ateri narrazinoak lehen esalditik harrapatzen dau irakurlea. Egoerak gain eginda dagoan pertsonaia baten ezinegona erakusten dau, dramatismotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuz. Ganera, hizkuntza maila parebakoa erakusten dau testuak. Umeentzako kontakizuna izanagatik, hainbat geruza erakusten ditu, eta horregatik esaten dogu Euri eta ateri lanak agerian jartzen dituala Ume Literatureari jagozkion duintasuna eta maila gorena.

Bermeotarrak 5.500 euro jasoko ditu eta idazleak liburua ilustratzeko aukerautako ilustratzailearen lana 1.000 eurokaz lagunduko dau Zarauzko Udalak. Irabazlearen lana 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko da Zarautzen, sari emotearen ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu