'Iurreta Askatu' dokumentala San Migel jaietan ikusi daiteke

Bizkaie! 2024-09-27 09:12   Zinemea

Irailaren 30ean, Goiuria Kultur Gunean, 19:30ean izango da aukerea.

Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegiko ikus-entzunezkoak ezagutzera emoteko ekitalditxoa atondu dau Gerediaga Alkarteak Iurretako jai batzordeagaz batera. Horretarako, irailaren 30ean, astelehenean, arratsaldeko 19:30ean, Goiuria Kultur Gunean, orduerdiko proiekzinoa izango da. Ikus-entzunezko bi emongo dira: Iurreta Askatu (Juanjo Lopez, 1985) eta 1987ko San Migel jaietako irudien aukeraketa bat.

Garaia sendotzen

Apurka-apurka, Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegirako ikus-entzunezko gehiago eskuratzen gabiz.

Dagoeneko ikus-entzunezko gehiago sareratu ditue, besteak beste, Iban Gorritik kazetari durangarrak produzidutako ikus-entzunezko laburrak. Garaia atarian jarteko honako sei dokumental-labur itxi dutsoz Gerediagari: Kantatzen ez dauen herria herri hila da, Oroitzapenak (Acordes para la memoria) (Amorebieta-Etxano), Durango 1937, Últimas mujeres supervivientes, Bajo el árbol de Gernika eta 31 Vidas El homenaje.

IKB (Informazioa Komunikazinoa Bideoz) produkzinoetxe elorriarrak be bere ikus-entzunezko funtsa itxi deutso Gerediaga Alkarteari. Mila bat artxibo jaso ditue. Irudi gehienak, Elorrion grabautakoak dira, baina badira eskualdeko beste herri batzuetan egindako grabaketak eta muntaiak, besteak beste, Elorrio, amodio kanta bideo promozionala, Otxandioko Astikurutz edurtegiari buruz Orbelaren soinua dokumentala eta Elorrioko Lagun Toki alkartearen enkarguz bere 50. Urteurrena ospatzeko egindako dokumentala. Kasu honetan, Garaia biltegian titulu bakar batzuk dagoz. Gainontzekoak, landu ahala igongo ditue.

IKB ekoiztetxea Xabier Iñarrairaegi Solozabalek eta Karlos Eriz Arandok sortu eben 1994an. Publizidatea, dokumentalak, bideoklipak produzidu eta enpresa zein instituzioetarako artxibo lana egiten dabe. 2015ean enpresea zarratzeko erabagia hartu eben. 20 urteetako materiala orain, Gerediaga Alkartearen artxiboan egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu