Dantzaldiak 25. urteurrena ospatuko dau
2024-09-24 13:15 KultureaItalia izango da herrialde konbidadua.
Gaur goizean inaugurau da Dantzaldia 2024, Bilbo-Bizkaiko Nazinoarteko Dantza Jaialdiaren XXV. edizinoa, Bilboko Arte Ederren Museoan, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotzia eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Diputadua bertan zirala. Horrekaz batera, bertaratutakoek La declamación muda obrea ikusi ahal izan dabe, doban, Melania Olcinarena, egungo Dantzako Sari Nazionala (Interpretazinoaren modalidadean). Bertan, Olcina (Bartzelona, 1982) tronboi-jotzaile bategaz agertu da eta, aldi berean, jantzariaren eta koreografoaren mobimentuakaz eta arnasketeagaz bat datorrena.
Inaugurazinoaren ondoren, Dantzaldia 2024k hamar bat hitzordu programau ditu jantza garaikideagaz lurraldeko hainbat agertokitan abenduaren 5era arte. Guggenheim Bilbao, Azkuna Zentroa, Barakaldo Antzokia edo La Fundicion-ek (lehiaketearen areto bultzatzaile eta programatzailea) ikuskizunak ez eze, masterclass bat, tailer bat eta jantza-zinemea be hartuko ditue.
2000. urtean sortu zan jaialdi bizkaitarraren 25. urtebetetze hau edizinorik nazinoartekoena izango da; Italia herrialde gonbidatua izango danez, Tempi di danza eskaniki dabe Italiako jantza garaikidearen zabalkundearen alde lan egiten dauen erakundearen konplizidadeari esker. Era berean, Alpeetako hiru konpainiak ikuskizun bana estreinauko dabe Estaduan: Nicola Galiren Deserto tattile (zemendiaren 7an, Azkuna Zentroan), Luna Cenereren Shoes on (zemendiaren 17an, La Fundicionen) eta Jacopo Jennaren Some Choreographies (zemendiaren 21ean, Azkuna Zentroan). Laugarren estreinaldia zemendiaren 30ean helduko da Portugaldik (Feedback, CRL, La Fundición).
Nicola Galiren Deserto tattile
Nazinoarteko bisitak ez dira aitatutakoakaz amaitzen. Lehiaketearen hurrengo eguna (urriak 1) Bilboko Arte Ederren Museoan izango da barriro be. Bertan, Icaza hall handian eta Juan Muñozen Hanging Figures eskulturen azpian, Hang Tho Creative (Vietnam/Herbehereak) eta Small Axe (Grezia) konpainien eskaintzak izango dira. Sartzea doban (gonbidapena erreserbauta pinakotekearen webgunean), muntaia labur bana aurkeztuko dabe: False Memories eta Farisa, hurranez hurran, Kanarietako Masdanza jantza garaikideko pieza laburren jaialdi nagusiko Nazinoarteko Epaimahaiaren Lehen Sariaren irabazleak 2022an eta 2023an.
2024ko Dantzaldiaren programazinoa flamenko barriari eskainitako jardunaldi bigaz osotuko da: José Maldonado katalanak Galería estreinauko dau Euskadin, flamenkoa eta denpora errealeko sorkuntza piktorikoa buztartzen dituan proposamena, lau eszenatan jorratutakoa, bakotxa lau artista ikonikoren omenez: Manuel de Falla, Federico García Lorca, Salvador Dalí eta Carmen Amaya. Guggenheim Bilbao Museoa (zemendiak 23) eszenatoki bikaina izango da jantzak, musikea eta pinturea buztartzen dituan proposamen parebakorako. Hurrengo astean, zemendiaren 29an, Malagako Rocío Molina jantzari ospetsuak (2010eko Sari Nazionala, Interpretazinoaren modalidadean; Max 2015, koreografia onenari, 2022ko Arte Ederretako Merezimenduari Urrezko Dominea eta 2023ko Talia, emakumezko jantza interprete onenari) Variaciones de Lo Inefable ikuskizuna ekarriko dau Barakaldo Antzokira.
Galeria (José Maldonado)
Dantzaldiaren XXV. edizinoaren ospakizun borobil honek be hainbat jarduera paralelo izango ditu. Dantza-zinema egongo da, La Singla (Paloma Zapata, 2023) dokumentalaren proiekzinoagaz, 18 urte bete aurretik flamenkoa irauli eban baina 30 urte bete aurretik agertokietatik desagertu zan jantzari gorrari buruzkoa. Gainera, aitatutako José Maldonadok profesionalentzako masterclass bat emongo dau Leioako Andoni Aresti Dantza Eskolan, eta Sharon Fridman koreografoak La Fundición bisitauko dau abenduan, jantza inklusiboko tailer bitxia eskaintzeko. Bertan, publiko orokorrak -ikusleak eta itsuak- bere gorputz-mobimenduakaz esperimentauko dau itsu-itsuan, itsutasun garaikidea (metaforikoa) irudikatzeko.
Ordainpeko ikuskizunetarako sarrerak (5,60 €-ko prezioan, lehiaketearen helburu nagusia beti izan baita jantza garaikidea publiko zabalari hurreratzea, atontzaileek nabarmendu dabenez).
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!