Zazpi ibilbide proponidu ditue Durangaldeko historian eta kulturan sartzeko

Bizkaie! 2024-09-24 10:53   Kulturea

Urriaren 6tik 27ra izango dira ibilbieak.

Bide, sare eta loturen ondarea erakutsiko dabe Europako Ondare Jardunaldietan. Hori da edizino honetarako aukeratutako goiburua. Bizkaia osoan izango dira ekitaldiak eta beste urte batez, Gerediaga Alkarteak Durangaldeko hainbat udalerritako bisitak diseinatu eta koordinau ditu, udalen alkarlanari esker.

Urriaren 6tik 27ra, Durangaldeko zortzi herritako historian sakontzea da asmoa: Berriz, Abadiño, Garai, Mallabia, Otxandio, Mañaria, Iurreta eta Zaldibar. Proposamen guztiak euskeraz izango dira aurten eta gehienak oinez egiteko ibilbideak dira. Baina hiru hitzordutan autobusa izango da parte-hrtzasileentzat, oinez egiteko distantzia luzea aurreikusten dalako. Parte-hartzea doban da guztietan eta eta izena emoteak ondareabizkaia.eus webgunetik bideratuko dira.

Urriak 6, Arkitekturearen hari-muturrak. Berriz

San Joan Ebanjelariaren Eleizea eta Durangaldeko arte-fluxua ezagutzeko ordu biko bisitan XVI. mendean hasi eta gaur egunera arteko ibilbide kronologikoa egingo dau bisitariak, garaian Europan puntakoak ziran tendentzia artistikoak zelan heldu ziran ulertzeko. Goizez izango da bisitea, 11:00etan hasita.

Urriak 12, Merioaren ibilbidea. Garai eta Abadiño

Egun osoko bisitea da eta autobusez egitea da asmoa. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen babesa dauen bisitan, bisitariek eguerdirako bere jan-edana ekarri beharko dabe. Durangaldeak Bizkaiagaz izan dauen gizarte eta politika antolamendu berezia ezagutzeko balio dau ibilaldiak. Eskualdean izan diran landa eta uri- ezarkuntza mota desberdinak be berbagai izango dira. Gerediagako Batzar Etxea eta Astolako auzitegi etxeko kartzelea barrutik ikusi ahal
izango dira. Goizeko 10:30etik 18:00etara aurreikusi dabe bisitea.

Urriak 19, Andabidea zordanbidea. Mallabia

Goizeko 10:00etan hasita lau orduko ibilbidea iragarri dabe Mallabian, oraindino herri eta auzoetan konserbetan dan hileta-ondarearen erakusgarri. Tartean, Oizko estazino megalitikoa be bisitetea da asmoa eta horretarako, autobusean igongo dabe parte-hartzaileek.

Urriak 19, Bidea, muga eta uria. Otxandio

Arratsaldeko 17:00etan hasita, Otxandioren kokapenari erreparau eta bideak uriaren garapenean izan dauen garrantzia ezagutzeko ibilbidea izango da. San Roke ermitan bisiteari ekin eta herria lekurik historiko eta garrantzitsuenak bisitetako aproposa da.

Urriak 20, Harrobiak, bidea eta bentak. Mañaria

Goizez izango da ibilbidea, 10:30ean hasita. Mañariko Arrueta auzoa ezagutzeko bisitea izango da. Auzoko baserriak, Zallobenta eta Askondo harrobiak, Urkuletako zentrala eta antxina bentea izan zan Kaltzada baserrira gerturatzea da asmoa.

Urriak 26, Goiuria oinez. Iurreta

Durangaldeko balkoietako bat da Iurretako Goiuria auzoa. Garai oso zaharretan, kostalderako bidea bertatik pasetan zan. Landa eremuko arkitektura esanguratsuakaz batera, Goiuriako ermitearen sorrerea eta inguruko harrobiak goizeko ibilalditxo atseginean ezagutzeko aukerea egongo da. Goizeko 11:00etan hasiko da bisitea.

Urriak 27, Eitzaga, Zaldibarko ekialdi urruna. Zaldibar

Zaldibarko herrigunetik Olaerregarainoko bidaia. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugea be bada auzoa, eta giza jarduerak aldaketa handiak eragin ditu. Zazpi kilometro inguruko bidaia proponiduko da, hiru ordutan eta zati batzuk autobusean eginda. Goizez izango da bisitea, 10:30ean hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu