Urriaren 10ean hasiko da Ja!

Bizkaie! 2024-09-20 11:01   Kulturea

Artista ugari izango dira bertan, esaterako, Atxaga, Areces edo Zadie Smith.

Ja! Jaialdiak bat egingo dau modernismoaren idazle garrantzitsuenetako bat izan zan Franz Kafkaren (Praga, 1883 - Kierling, Austria, 1924) heriotzearen mendeurrenaren ospakizunakaz. Azken urteotan, Kafkarenganako eta haren lanen misterioakazko mirespena ez da desagertu indartu egin dira. Alemanez idazten eban egile handi harek ondare parebakoa eta guztiz originala itxi euskun. Uniberso txiki bezain zabala sortu eban eta literatura unibersalaren idazle nagusietako bat da.

Kafkaren estiloan, ezohiko umorea be badago. Beraz, jaialdiko zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok, Kafka hautatu eben 2024ko edizinoko gai nagusitzat.

Kafkaz harago, Ja! Jaialdiaren atontzaileak pozez zoratzen dagoz Zadie Smith-ek azkenean jaialdira etorteko gonbidapena onartu dauelako, urte luzez saiatu eta gero. Bestalde, jaialdiko zuzendariek nabarmendu dabe hamabosgarren edizino honetan hainbat egile estimadu bueltauko dirala, besteak beste, Juan Villoro, Bernardo Atxaga eta Carlos Areces.

Manuel Vilas, Ignacio Echevarría, Monika Zgustova, Rodrigo Cortés, Juan Tallón, Bárbara Mingo, Cecilia Dreymüller eta Andrés Ibáñez idazle txekiarraren miresleak eta adituak, horreen bizitearen eta obrearen alderdi ugari izango ditue berbagai. Era berean, Milena Jesenskári saio berezia eskainiko jako; emakume berezi eta guztiz aparta zan, Kafkaren gutunen hartzaile ezagunenetako bat.

Egitarau esanguratsua bezain originala sortzeko ahaleginean, atontzaileek autortu dabe bereziki harro dagozala egile txekiarra eta arte modernoa lotzeko kapaz izan diralako, kafkiar terminora jo beharrik barik eta Kafka zientziagaz buztartzea lortu dabelako. Holan, 2024ko edizinoan, Naukasegaz ibiliko dira barriro be, zientzia, eszeptizismoa eta umorea jorratzeko. Beste alde batetik, Juan Ignacio Pérezek, UPV/EHUren Katedra Zientifikoko zuzendaria eta igazko udabarritik Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailburuak, Kafkaren zenbait zaletasun naturista adierazoko ditu.

Jaialdian ohiko bihurtu dan sekzinoetako bat be ez da faltako: konbidadu batek, aurton Manuel Gutiérrez Aragón zinemagile eta idazleak hain zuzen be, umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratuko ditu.

Horrezaz gan, Kafka Kaleidoskopioa erakusketeak egile txekiarraren bizitea eta obrea erakutsiko ditu, nazinoko eta nazinoarteko hogeita hamar artisten ikuspegitik. Horreen artean dagoz: Robert Crumb, Miquel Barceló, Paco Roca, Max, Ana Juan, Fernando Vicente, Tom Gauld, Luis Scafati, Peter Kuper eta Renáta Fučíková.

UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Axular eta Etxepare ataletan eta eranskinetan (250 metro koadro inguru) egongo da ikusgai, urrian zehar, eta sartzea doban izango da.

Hamabosgarren edizinoa urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon. Aurreko deialdiko agertoki nagusiak ondokoak izango dira: lehen astean, BBK Sala (Kale Nagusia, 19) izango da egoitza nagusia, jaialdia 2010ean hasi ebenetik ohiko eszenatoki dana; bigarren zatia Euskal Herriko Unibersidadearen paraninfoa dan UPV/EHUren Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn (Abandoibarra etorbidea, 3) egingo da.

Programazino osoa eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu