Borja Romero zuzendari konbidaduak gidatuko dau Bilboko Udal Musika Bandea
2024-09-19 10:09 MusikeaBihar, hilak 20, Azkuna Zentroan.
Bilboko Udal Musika Bandak 2024-2025 denporaldiko bigarren kontzertua eskainiko dau barikuan, irailak 20. Hitzordua, Azkuna Zentroko Kulturen Atarian izango da 19:00etan eta sarrera doban izango da.
Oraintsu, taldearen buru eta zuzendari konbidadu moduan ibiliko dana Borja Romero kanariar gaztea izango da, 2024 urtean egindako Bilbao Musika Nazinoarteko Zuzendaritza Sariaren II. Edizinoaren irabazlea hain zuzen be. Lasaitasuna eta irrikak izenburupean, Johan de Meij, Gustav Holst, Ola Gjeilo, Satoshi Yagisawa, Joaquín Turina eta Franco Cesarini lako konpositoreen lanekaz aniztasuna autortuko da.
Era berean, gogorarazo behar da edegita dagoala Orkestra Zuzendaritzari Buruzko IX. Topaketak - Bilbao Musika Nazinoarteko Zuzendaritza III Sariak ekitaldian parte hartzeko epea. Aurton, Miguel Etchegoncelay maisu argentinarra izango da irakasle konbidadu eta epaimahaiburua. Betiko lez, ikastaroa Jose R. Pascual-Vilaplana Bilboko Musika Bandearen zuzendari titularrak zuzenduko dau. 2025ko urtarrilaren 7tik 10era egingo diran topaketen helburua orkestra-zuzendaritza gaur egungo taldeetan ikastea sustatzea da, talde instrumentalak gidatzeko baliabide tekniko eta artistikoak eskaintzeaz gan. Borja Romerok bezala, irabazleak kontzertua zuzenduko dau Azkuna Zentroan Bilboko taldearen 2025-2026 deporaldian. Izen-emoteak posta elektronikoz bidali beharko dira Bilbao Musikara, curriculum vitae bategaz eta abonuaren frogagiriagaz batera, 2024ko urriaren 15a baino lehen amaiabilbao@bilbaomusika.eus helbidera. Informazio gehiago hemen.
Euskalduna Jauregira bueltea
Azkuna Zentroko bigarren eta azken emonaldi horren ondoren, Bilboko Udal Musika Bandak zikloa estreinauko dau Euskalduna Jauregian, eta bertan 10 kontzertu eskainiko ditu guztira. Lehenengo hitzordua urriaren 6an izango da, domeka, Begiradak ikuskizunagaz, Auditorioan batzen diran persona guztien gozamenerako. Paco Varoch Valentziako piccolo ospetsuak bat egingo dau José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren batutapean, askatasunaren eta irudimenaren berpizkundea soinuen bidez suspertzeko asmoz.
Zuzendari konbidadua: Borja Romero González
Tenerifen jaioa, Borja haize-formazinoetan espezializautako zuzendaria da. Banda-musikarekiko pasinoa Maastricht-eraino (Herbehereak) eroan eban. Bertan, Banda Zuzendaritzean graduau zan eta gaur egun espezialidade bereko masterra egiten dago, Jos Zegersen babespean. Holan, Kanarietako lehenengo banda-zuzendari formatuetako bat bihurtu zan. Aurretik, Zaragozan Orkestra Zuzendaritzean graduau zan Borja Quintas eta Miquel Rodrigoren eskutik eta Abesbatza Zuzendaritzean Elena Ruizegaz. Besteak beste, Timothy Reynish, Pieter Jansen, Jan Cober, José Rafael Pascual-Vilaplana, Vladimir Ponkin, José Miguel Rodilla eta Dimitris Botinis maisuekaz osotu dau prestakuntzea.
Gaur egun, Vilt-eko Harmonie Amicitia-ko zuzendari titularra da, baita Philharmonie Sittard-eko zuzendariordea be, biak Herbehereetan. Zaragozako Delicias musika-taldearen zuzendari titularra be izan da. Urte hasierean, Bilbao Musika Nazinoarteko II. Zuzendaritza Saria jaso eban Bilboko Udal Bandagaz Orkestra Zuzendaritzearen VIII. Topaketetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!