72 udalerritan 200 ibilbide, bisita, tailer eta berbaldi baino gehiago iragarri ditue
2024-09-18 12:40 KultureaBide, sare eta loturen ondarea goiburupean.
"Bide, sare eta loturen ondarea" goiburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko ondarea berrezagutzeko aukerea emoten deusku, ibilbide, bisita, tailer eta berbaldien bidez, Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizinoaren arloan. Jardunaldiok publiko guztientzako programa kulturala dira eta Bizkaiko ehun bat erakunde eta eragile kulturalen lankidetzeagaz garatzen da.
Ondarearen Europako Jardunaldiek gizartea setsibilizau nahi dabe kultura-ondarea ezagutzeak, baloreteak eta babesteak dauen garrantziaz.
Aurkezpenean izan da Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputadua eta nabarmendu dauenez, aurten be urria da Bizkaiko ondarearen hilebetea. Urrirako aurkeztutako programazino potoloak gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukerea eskaintzen deutse herritarrei.
Aurtengo egitarauak bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketak, berbaldiak, kontzertuak, dokumentalen proiekzinoak, tailerrak eta hezkuntza jarduerak batzen ditu. Ibilbide historiko gehienak oinez egingo dira, baina itsasontziz be zeharkaldi bat egiteko aukerea egongo da, itsasbideek Bizkaiko historian izan daben garrantzia erakutsiz.
Edizio honetako formaturik ohikoena ibilbide gidatuak izango dira, udalerri bakar batetik edo hainbat herri lotuz egingo diranak. Bide eta galtzada zaharretan zehar, baserriak, zubiak, baseleizak, errotak eta burdinolak, kargategiak eta bestelakoak bisitetako aukerea egongo da. Gainera, berbaldi, barriketaldi, liburuen aurkezpenak, dokumentalen proiekzinoak, kontzertu didaktikoak, tailerrak eta erakusketak be egingo dira.
Foru Liburutegiko berbaldi ziklo batek Euskal Herriarenganako begirada atzerritarra jorratuko dau; Los movimientos de los Neandertales en el País Vasco eta La red de comunicación de las sociedades paleolíticas Arkeologia Museoak eta Santimamiñek hurranez hurran eskaintzen dituen proposamen bi dira. Arrigorriagako hitzorduan, Malmasin eta San Pedro de Abrisketan egiten dabizan lanei buruzko azken datuak emongo ditue. Gorlizen, itsasbideak eta itsas-paisajeak izango dira konferentziaren gaia. Mundakan portuaz, ainguralekuez eta bide zaharraz berba egingo da, baita trenbidea Gernikara heltzeaz be.
Bizkaia lurreko bide sare batek zeharkatzen dau, horreetako bide batzuk mendeetan zehar iraun dabe eta oinarrizkoak dira tokiko komunidadeen oparotasunerako. Gaur egun, ibilbide horreetako asko bidezidor lez bizibarritu dira.
Programak meatze-ingurunean jorratuko diran hainbat proposamen batzen ditu, besteak beste, Burdinmendi Bide Berdea, Pobeña eta Covarón arteko meatze-ibilbidea; eta Enkarterritik urten barik, Balmaseda, Galdames, Sopuerta, Artzentales, Muskiz, Zallaeta Lanestosak bisita gidatuak eta ibilbideak atonduko ditue. Karratzan, ibilbide megalitiko batek eta indianoen arkitekturara bisita gidatu batek osotuko dabe eskaintzea.
Bilbotik Itsasmuseumetik Sestaoraino, burdin mineralaren ibilbideari jarraituz, AHVren 1. Labe Garaia bisitauko da. Era berean, Azulito, Bilboko autobus klasiko batera igon eta taldea Orconerak Lutxanan dituan instalazinoetara eroango ditu bisitariek.
Getxok programa oparoa eta askotarikoa eskaintzen dau: Abran zehar itsasontziz egindako ibilaldia, burdinaren historia arakatzea edo flyscharen ibilbidea Azkorrin, itsaslabarren historia geologikoa aztertzen dauena.
Beste jarduera batzuen artean, Larrabetzu eta Gamiz-Fika arteko Gerra Zibilean Bilboko defentsa-lerroko aztarna arkeologikoak bisitau daitekez, EHUren Leioako campusean barrena egingo dan ibilbidean natura eta kultura-ondareari buruzko gorabeherak ezagutuko doguz. Muñarrikolandako ibilbide megalitikoa (Sopela) eta Barazki-saltzaileen ibilbidea (Txorierri) lako ibilbideak, Uribeko eta Txorierriko beste proposamen batzuk izango dira.
Durangaldeak be ibilbide proposamen interesgarriak eskaintzen ditu: Abadiño eta Garai arteko Merinoko ibilbidea, Mallabiko andabidea edo Otxandiokoa.
Ondarroa, Markina-Xemein, Lekeitio, Ispater eta Ziortza Bolibarrek, Lea Artibai eskualdean, iradokizun interesgarriak eskaintzen ditue, Ondarroan, ardaoaren eta arrainaren ibilbide komertzial zaharretik igaroko dana edo Atxondoa ibilbidea, Markina-Xemeinen. Ispasterreko ibilbidean, estilo gotikotik euskal estilo neoeuskaldunera baserri bikainen hautaketara hurreratuko gaitu.
Arratia-Nerbioi eskualdean, Areatzak Del Camino Real al tranvía de Arratia ibilbidea atondu dau. Zeanurik Historia Gráfica del Tranvía de Arratia (1902-1964) liburua aurkeztuko dau, tranbiaren eraginari buruzkoa.
Urduñan, aduana-gune eta komunikazio-gune lez dauen iragana aztertuko da bisiten eta hitzaldien bidez.
Ibilbide historikoa, Bizkaiko Zin-bidean presente egongo dana, Bizkaiko Jauna Foruen zina egiten egoan lekuetatik ibilaldia, Lurralde Historikoaren historia politikoan oinarrizkoa. Ibilbidea autobusez egingo da eta Bilbotik abiatuko da Larrabetzun, Gernikan eta Bermeon geldialdiak eginez.
Kontzertuei jagokenez, kontzertu didaktikoen atalean, organo modernoari eta horrek euskal musikan dauen eraginari buruzko hitzaldi-kontzertua, Diego de Amezua Bizkaiko Organoaren Lagunen Alkarteak atondua. Edo Lekeition egingo dana, Musikenek atondua, Buenaventura Zapirain konpositorearen irudiari eta Lekeitioko musika-bizitzan izan eban eraginari buruzkoa.
Erromon (Getxo) Los cien años de las casas baratas de Romo edo Las barreras: un relato de dos barrios dokumentalak proiektauko dira. Ondoren, barriketaldia izango da publikoagaz. Bilboko Ondare Aretoan Olairon: las entrañas de Bilbao dokumentala proiektauko da, uriko meatzaritzaren iragana berrezagutzeko.
Umeentzako hezkuntza-tailerrak be izango dira, besteak beste, Itsasmuseumeko Viaje de Elcano.
Ondarea jagoteko ahalegin kolektiboa
Ondarearen Europako Jardunaldien edizino hau ehun erakunde baino gehiagoren lankidetza aktiboari esker egin daiteke Bizkaiko Foru Aldundiak koordinauta, lankidetza-sare sendoa eratu dau, Bizkaia erreferentziazko ondare-erkidego sendo bihurtuz, Europaren onespena be jaso dau.
Jarduera guztiak doban dira eta askok aldez aurretik erreserbea egitea eskatzen dabe. Programa osoa www.ondareabizkaia.eus webgunean dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!