XXXVI. Magialdia, Magiaren Nazinoarteko Jaialdia Gasteizen dogu irailaren 16tik 22ra

Bizkaie! 2024-09-17 10:41   Kulturea

Ilusionismoaren 30 profesional baino gehiago batuko dira.

Zazpi egunez, galak eta ikuskizunak egiten ditue urian mundu osotik etorritako magoek eta ilusionistek. Magialdiak zuzenean eroaten dau magia jentearengana, dendetara, tabernetara, tranbiaren geltokietara... Jaialdiko ekitaldi gehienak antzokietatik kanpo egiten dira eta ez da sarrerarik behar, doban da.

Magialdiko nobedadeen artean, Izaskun Arrue Kulturgunearen lankidetzeari esker, magia ikuskizuna euskeraz eskainiko da irailaren 22an, domekan, arratsaldeko 18:30ean.

Bigarrenik, jaialdia filmetako agertoki izango da barriro be, izan be, igaz NHK kate japoniarrak Magialdiari eta Gasteizi buruzko programa bat grabau eban. Aurten, Laura Gerricaechevarría gasteiztarrak El Astonishment grabauko dau, magiaren mundu zoragarriari omenaldia egiten deutson dokumentala.

Azkenik, Artium Museoak Magialdiagaz bat egiten dau barriro Amarauna familiaren programearen bitartez. Testuinguru horretan, irailaren 21ean, arratsaldeko 17:00etan Macarena Escucha Shepherd artistearen The Watching Machine ikuskizuna eskainiko da.

Gurera etorritakoen artean, besteak beste, Roman Garcia, Nikola Striebel, Gonzalo Albiñana, Dania Diaz, MR. Rabbit eta Imanol Ituiño lako magoak izango dira Gasteizen.

Urtero legez, ikuskizunen arduradunak eta 450 profesional eta magiazale be etorriko dira hainbat herrialdetatik (Italiatik, Frantziatik...) Europa Jauregian egingo diran jardueretan batzarkide lez parte hartzeko.

Eta edizino honetan, orain arte Principal Antzokian egiten zan galea be jauregi horretan izango da. Barrikuntza lanak dirala eta, irailean magia María de Maeztu auditorioan izango da.

Programazinoari jagokonez, Gasteizek bere kaleak, erakusleihoak, antzokiak, tabernak eta bestelakoak ilusionismoz beteta ikusiko ditu barriro be: magia-ibilbideak, berbaldi-ikuskizunak, magia liburutegian eta erakusleihoetan, ikuskizuna katedraleko arkupekoan, Magic Theatre Aihotz plazan, Nazinoarteko Gertuko Magia Galea, Magia Eszena galea, gala solidarioa, bakarlarien galea eta Plaza Barrian egingo dan amaierako ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu