Che y Moche konpainiak 'Un dia feliz' antzezlana eskainiko dau Bilbon

Bizkaie! 2024-09-17 09:14   Kulturea

Tereza Polyvka biolinista ukrainar handiagaz batera, Pabellón 6ra bueltauko da

Che Y Moche antzerki konpainia beteranoak 25 urte baino gehiagoko ibilbidea dau eta lehendik egon izan da Pabellón 6 Aretoan El Funeral, Liquidación por cierre eta Requiem por un campesino español proposamenakaz. Orain, barriz, El Funeral ikuskizun esanguratsuenaren prekuela eta jarraipena antzerki musikalagaz datoz. Ia 20 urte daroez ikuskizun horregaz eta 1.000 emonaldi baino gehiago eta ehunka mila ikusle batu ditue.

Un dia feliz antzezlanak, gizatasunaz eta bere sustraiez, iragana eta gerrak ditu ardatz eta, era berean, musikeak eta kultureak gizateriaren momenturik txarrenak jasaten laguntzen dabela azpimarratuz eta amaieran, gerrei eta bereiziki Ukrainako zentzunbakokeriari keinu eginez. Oso jazoera sentibera da konpainiarentzat, protagonistea eta zuzendari musikala, Tereza Polyvka, ukrainarra baita.

Mamuen istorio dibertigarria. Musikari eslaviarren hiru belaunaldi, mundu erreal eta magikoaren arteko bidaian. Teresa biolinista eslaviarrak bere lurraldetik urrun bueltetea erabagiten dau bere jatorri liluragarriakaz topo egiteko. Haren arbasoak, Titanic taldeko musikariek bezela, madarikazino arraro bat jasan eta euren lantegi zaharrean linbo moduko batean harrapauta geratzen dira. Hor emon eben azken kontzertu handia hareen herrialdeko egun historiko seinalatuenetan.

Antzerki musikal honek ez dau arrasto konbentzionalik: Zingarako zuzeneko musikea, keinu-antzerkia, testu-antzerkia, happeninga, inprobisazinoa, umorea ugari eta dibertimendua ditu oinarri. Azken batean, originaltasun handiko eta diziplina ugari jorratzen dituana da. Dibertigarria eta arriskutsua. Zelan ez, konpainiaren berezko estilo eta zigiluari eutsiz.

Musikeari jagokonez, Tereza Polyvka bioliista handia dau buru kabaret berezi honek. Bere generoko interpreterik onenetakoa da eta hola erakusten dau haren doearen mugak noraino heldu daitekezan azalduz. Antzezlana Joaquín Murillok idatzi eta zuzendu dau; Tereza Polyvka, Joaquín Murillo, Kike Lera eta Sergio Domínguez dira protagonista, danak be aktoreak eta musikariak: biolina, saxofoiak, gitarra eta bateria.

Abestu, instrumentuak jo eta personaia guztien larruan sartzen diran interprete-musikariek egindako joku eszenikoak juglare eta clown bilakatzen ditu danak denpora modu liluragarrian kuadeatuz eta ekintza osoan zehar eurekaz bidaiatzera gonbidatuz. Eskutik eroaten dabe ikuslea amesetako herrialde zoragarri bateko istorioan zehar. Edonorena izan eiktekean herrialde batean zehar.

Kontuak kontu, hiru emonaldiak, irailaren 20, 21 eta 22an izango dira. Sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu