Bilbo zirkuko arteen uriburu

Bizkaie! 2024-09-17 08:17   Kulturea

Irailaren 18tik 21era.

XV. Zirkualde, Euskadiko zirku-arteetan espezializautako jaialdi bakarra da, Udalak atonduta. Jaialdian, Dantza Bertikalaren II. Topaketea be izango, irailaren 16tik 19ra, jantza bertikaleko eta arnes laneko erdi-profesional eta profesionalentzat.

Aurten, autonomia-erkidego guztietako Profesionalen Alkarteen urteko Topaketea, Zirkoa Sarean, EKO-Pirineos de Circo programako prestakuntza-laborategiak eta Dantza Bertikalaren II. Topaketea be egun horreetan izango dira.

Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak aurkeztu ditu prentsaurrekoan urirako garrantzitsuak diran lau mugarri horreek eta eskerrak emon ditu Bilbo topaketa profesionalok egiteko aukeratzeagaitik eta gogora ekarri dau zirku-arteetan espezializautako Euskadiko Jaialdi bakarraren (Zirkualde) 15 urteko ibilbidea. Olabarriagaz batera izan dira Gloria Peon, zirkuko artista eta aireko akrobatea eta La Glo Zirko eta Dantza konpainiako zuzendaria, –Dantza Bertikalaren II. Topaketearen baterako antolatzailea–; eta Rosa Colell, CircoREDeko koordinatzailea. EKO- Pirineos de Circo proiektuaren ordezkari legez, Pedro Ormazabalek, Udaleko Kultura Arloko programatzaileak egin dau berba: Bilbok tokiko artisten sormen-lanak sustatu eta babesten ditu; gainera, talentu hori beste herrialde batzuetan ezagutu deien saiatzen da. Aldi berean, forma eta pentsamendu artistiko ugari ezagutzeko nazinoarteko ikuskizun eta konpainiak hartzen dituan uria izaten jarraitzen dau, izan be, uste dogu kultureak personak batzen eta mugak desitxuratzen dituala, eta horri esker ikasten dogu, nabarmendu du zinegotziak. Era berean, ondokoa azpimarratu dau: Udalak programatzaileen talde bikaina dauka, programazino egonkorra, ugaria eta kalidadekoa diseinetan ahalegintzen dana, bilbotarrek eta bisitetan gaituenek gozau deien.

Gauzak holan dirala, Olabarriak Zirkualde Zirkuko Arteen Jaialdiaren programea nabarmendu nahi izan dau: agertoki nagusia Errekaldeko auzoan, Ametzola plazan –Errekalde plazako obrak diralako– eta El Fango kiroldegian egongo dira eta Campos Eliseos Antzokian be izango da zer ikusi.

Ametzola plazan izango dira lanik gehienak: La Fem fatal (Aske) eta Nicanor de Elia (Copyleft) konpainiak, irailaren 19an, eguena; Un Loup Pour L’homme (Passing swiftly), Collectif Primavez (Laisse-Moi) eta Los Putos Makinas (Tutti Frutti), hilaren 20an, barikuan; Un Loup Pour L’Homme (Passing Swiftly), Vaivén Circo (Anonimoa) eta La Banda Teatro-Circo (Yûgen), hilaren 21ean, zapatuan. Bestalde, Campos Elíseos Antzokian, Cía Impulso taldearen Lenguajes emongo da, 19an, eguenean.

Danetara, zortzi konpainiaren ardurea izango da jentaurrean zirkoa, antzerkia, musikea, jantzea, malabarak eta esperientzia murgiltzaileak nahasten dituen azken sorkuntzak erakustea.

Horrezaz gan, irailaren 18an, El Fango kiroldegian izango da Dantza Bertikaleko Piezen Erakusketea, hau da, herritarrei edegitako jarduerea, Dantza Bertikalaren II. Topaketearen barruan. Udalak atondu dau La Glo Zirko eta Dantza konpainiagaz lankidetzan eta programazinoan diziplinako profesionalek eskainitako tailerrak eta ikastaro teorikoak nahiz berbaldiak eta mahai-inguruak batzen dira.

Zirkuko artista eta aireko akrobata eta La Glo Zirko eta Dantza konpainiako zuzendaria dan Gloria Peonek nabarmendu dauenez, diziplinako profesional garrantzitsuak hurreratuko dira berbaldi, tailer eta laborategietara, izan be, tartean dagoz Lindsey Butcher, Pere Villarubla, Isaac Flix Archs, Alejandra Deza, Juan Leiba, Iris González, Maitane Sarralde eta Zinbulu Kolektiboa.

Jardunaldi horreek Errekalden egingo dira oso-osorik irailaren 16tik 19ra, El Fango Udal Kiroldegian eta Barrutiko Udal Zentroan.

Zirkua Sarean

Zirkualdez eta Dantza Bertikalaren II. Topaketaz gan, Bilbon egingo da zirkuko arteakaz lotutako beste mugarri garrantzitsu bat: Autonomia Erkidego guztietako Profesionalen Alkarteen urteko Topaketea, VII. Zirkua SAREAn, Estaduko zirkuko alkarte eta profesional guztiak batzeko topagunea da, zirkuko sorkuntzearen etapa guztietan egiten dan lana ezagutzera emoteko helburua dauena.

Topaketea CircoREDek eta EZE Euskal Herriko Zirkuko Profesionalen Alkarteak atondu dabe eta honako honeen babesari esker: Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzea, INAEM-Kultura Ministerioa eta Antzoki, Auditorio, Zirkuitu eta Jaialdien Estaduko Sarea.

Rosa Colell CircoREDeko koordinatzaileak adierazo dau Bilbon emongo dala CircoRED I. Saria, estadu mailan, zirkuaren alde egiteko, programazinoaz arduratzen dan talde eta/edo persona bat aintzatesteko. Ekitaldi berezi hori Bilborocken egingo da hilaren 18an eta, holan, hasierea emongo jake zirkuko profesionalen arteko hartu-emonak eta lana zeharka eta era dinamikoan bultzatzeko jardunaldiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu