Eider Rodriguez Martinek bere fikzinozko lehen eleberria idatziko dau

Bizkaie! 2024-09-13 13:00   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak Euskerazko Literatura Sorkuntzarako emoten daben Xabier Lete bekeari esker.

Eider Rodriguez Martin | Ikusi handiago | Argazki originala

Eider Rodriguez Martin idazlea hautatu dau Euskerazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekako adituen batzordeak, Istripu baten kronologia izenburuko proiektuagaitik. Adierazotako bekea Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak emoten dabe eta lehen edizinoa dau aurtengoa. Bekearen helburua da euskerazko literatura-proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazinoa erraztea, 70.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez.

Adituen batzordeak azpimarratu dauenez, istripu baten testu kronologikoak unibersidadeko irakasle bat dau protagonista. Trameak jazoera personalak eta kolektiboak, gatazka personalak eta sozialak buztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identidadea dirala. Gure gizartean urratuta eta konpondu barik geratutako eta arrakalak itxi dituen gaiak agertzen dira. Narratiba errealista baten bitartez, kontau barik erakutsi egiten da. Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da eta, horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartu eta alkarrizketek personaien izakerea islatzen dabe. Personaia nagusiaz gan agertzen diran personaien multzoa konplexua da eta idazleak horreen psikologian sakonduko dauela antzemon daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurreratzen dana.

Rodriguez Martinek bere fikzinozko lehen eleberriari ekiteko erabili nahi dau Xabier Lete Bekea: akaso hori da proiektuaren gauzarik barriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti eta fikzinozkoa ez dan eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da eta hizkuntza laua erabiliko dot. Dana dala, gaineratu dau sinbolo batzuk erabilteko ideak erakarten dauela, glaziar baten figurea, elementu estatikoa, isila, baina urtzen danean burrunba eragiten dauena; eta zu ezin zara urrundu, ezin deutsazu itxi zelan jausten dan begiratzeari. Irudi horrek unibersidadeko emakume irakasle baten istorioa kontetan lagunduko deutso. Irakasleak bizitza egonkorra dau itxuraz, baina uko egin deutse bere amesei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko-istripu batek bizitea hondatuko deutso.

Eta hori guztia ETAren amaierearen ondorengo Euskadiko testuinguruan: egia interesetan jat gai nagusi legez, baina baita traumea, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identidadea gogon hartuta) be, izan be, egoerea aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz berba egin beharra dago oraindino.

Eider Rodriguez Martin (Errenteria, Gipuzkoa, 1977)

Publizidade eta zinema-ikasketak egin zituan eta kazetaritzearen eta literaturearen arloan jorratu dau bere jarduerea. Gaur egun, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) irakaslea da.

2018. urtean, Euskadi Literatura Saria irabazi eban euskerazko literaturearen sailean, Bihotz handiegia obreagaitik. Kazetari lanak egin ditu eta hainbat hedabidetan kolaborau dau; edizino eta gidoi-lanak be egin ditu.
Hainbat genero landu ditu bere literatura-obran: nagusiki ipuina (Eta handik gitxira gaur; Haragia; Katu jendea; Bihotz handiegia), baina baita saiakera, genero epistolarra, ume-literaturea, baita komikia be. Haren obra batzuk gaztelaniara, italierara, alemanera, nederlanderara eta frantsesera itzuli dira.

Adituen txostena Koro Navarro Etxeberria itzultzaileak zuzendu dau eta Euskal Herriko Unibersidadeko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasle Alex Gurrutxaga Muxika ibili da idazkari-lanetan. Batzordekideak honako honeek izan dira: Lourdes Otaegi Imaz, Euskal Filologiako doktorea eta Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako irakasle agregatua Euskal Herriko Unibersidadean; Jon Kortazar Uriarte, Euskal Filologiako doktorea eta Euskal Literaturako katedraduna Euskal Herriko Unibersidadean, idazlea eta literatura-kritikaria; eta Aritz Galarraga Lopetegi, Literaturako doktorea Bartzelonako Unibersidade Autonomoan (UAB) eta Paue eta Aturrialdeko Unibersidadean (UPPA), editorea, idazlea eta literatura-kritikaria.

Xabier Lete Bekea aitatu erakunde biek sormen-talentua babesteko hartu daben konpromisoagaz lotuta dago. Globalizazinoa gora egiten dagoan testuinguruan eremu urriko hizkuntza bateko kultura-sorkuntzeak eta kultura-produkzinoak dituen zailtasunak ezagututa, Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak euskerazko literatura-sorkuntzara baino bideratuta ez dagoan beka hori abiarazo dabe, euskal literatureak bizi dauen gero eta aniztasun eta kalidade handiagoaren dinamikeari beste ekarpen bat egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu