Sortzaileek Durangoko Azokako egitaraua osotzeko proposamenak egin ahalko ditue irailaren 16tik aurrera
2024-09-12 10:32 KultureaAurkezpenak, tailerrak eta barriketaldiak atondu gura dituenek urriaren 7ra arteko epea izango dabe.
59. Durangoko Azokarako prestaketak hasi dituzte Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako arduradunek. Abenduaren 5etik 8ra bitartean ekintzaz josirik egongo dira espazio horreek, euskal kulturearen erakuslehio bihurtzeko.
Aurkezpenak, tailerrak, barriketaldiak, kontzertuak, antzezpenak eta proiekzinoak atonduko ditue egitarauaren barruan. Beraz, kulturazaleek gozetako plaza bikaina izango da beste behin Durangoko Azokea. Hain zuzen, irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean egitaraua osotzeko proposamenak egin ahalko ditue sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek. Horretarako, durangokoazoka.eus webgunean izen-emoteen atalean erregistrau beharko dabe ekarpena.
Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten. Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango eta epearen barruan aurkeztuko diran eskari guztiak balorauko dira. Gero, atontzaileen erispideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezela.
Euskerazko produkzinoak plazaratzeko balioko dau egitarauak. Ahotsenean 2024an argitaratutako liburu eta diskoek izango dabe lekua; Irudienean aurten produzidutako ikus-entzunezkoek; Kabian teknologia barriek; Saguganbaran umeentzako literatura eta musikak; Szenatokian jantza eta antzerki pieza laburrek; Talaian literaturaz aparteko lanek, euskera hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten deutseen gaiei buruzkoak.
Horrezaz gan, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan be atonduko dira ekintzak azoka egunetan.
Ikasle Goizerako inskripzinoa
Abenduaren 5ean egingo da Ikasle Goiza eta bertaratu gura daben ikastetxeek be webgunean izena emoteko aukerea izango dabe astelehenean hasita. Azokea bisiteteaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dabe ikasleek zein irakasleek. Holan, kultur sorkuntzea ezagutu bakarrik ez, esperimentatu be egingo dabe. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzenduta egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko guztiarentzat zabalik egongo dira.
Azokearen aurretik, aurten be martxan egongo da PortaDA erronkea, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskerazko liburu eta diskoen azalak birsortzea, horixe dabe erronkea. Eta, ikastetxe onenentzat saria egongo da: Musika eskoletan programako saio bat. Zemendiaren 29a baino lehen bialdu beharko ditue irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.
Zu non han DA!
Durangoko Azokearen osteko egunetan Zu non han DA! ekimena helduko da Euskal Herriko liburu dendetara. Azokako nobedadeak egongo dira zaleen eskura eta liburu aurkezpenak be egingo dira. Bada, ekimenera batzeko interesa daben saltokiek izena emon ahalko dabe irailaren 16tik aurrera. Idazleen txandea geroago helduko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!