UPV/EHUk nazinoarteko 2.000 ikasle baino gehiago izango ditu aurten

Bizkaie! 2024-09-11 09:34   Kulturea

Joan dan ikasturtean baino % 10 gehiago.

Erretratuak: Nerea Gonzalez | Ikusi handiago | Argazki originala

2024-2025eko ikasturtean, Euskal Herriko Unibersidadeak nazinoarteko 2.000 ikasle baino gehiago jasoko ditu. Aste honetan dabiz egiten ikasturte honetako ikasleei ondoetorria emoteko ekitaldiak eta ikasle horreen artean dagoz lehen lauhileko honetan etorritako mobikortasuneko mila ikasle baino gehiago, hau da, joan dan ikasturtean baino % 10 gehiago. Horreetako % 60 dira emakumeak.

Ondoetorria emoteko atondutako hiru jardunaldietan (campus bakotxeko bana), unibersidadea, unibersidadeak eskaintzen dituan zerbitzuak eta ikasgeletatik urten ondoren izan leikeen lankidetzea, kulturea edo kirol arloko jarduerak sakon ezagutzeko aukerea dabe. Ekitaldi horren bidez, beste unibersidade batzuetatik heldutako eta gitxienez lehen hiruhilekoa UPV/EHUn egingo daben mobikortasueko 1.054 ikasleei (nazinoarteko 847 ikasle eta Espainiako unibersidadeen arteko mobikortasun-programako, Sicue-ko, beste 207 ikasle) eta ikasketak Euskal Herriko Unibersidadean hasiko dituen 8.700 ikasleei ondoetorria emon jake.

UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreirak, Gipuzkoako Campusean egindako harrera-ekitaldian hartu dau parte eta honako hau azpimarratu nahi izan dau: Euskal Herriko Unibersidadea ikasle horreek jasoteaz oso harro dago, izan be, beste hainbat aukeraren artean, ikasketa akademikorako toki onena dalakoan gu hautatu gaituela esan nahi dau horrek. Badakit ez dirala erabagiaz damutuko. Esperientzia bete-betean aprobetxetea, ikastea, gozetea, veste kultura batzuk ezagutu eta bide horretan topauko dituen erronkak ikasteko beste aukera bat izango dirala jaubetzea gomendatzen deutsuet.

Lehen lauhileko honetan, Euskal Herriko Unibersidadera mobikortasuneko 1.054 ikasle heldu dira (122 Arabako campusera, 669 Bizkaiko campusera eta 263 Gipuzkoako campusera), besteak beste, ondoko unibersidadeetatik: University of Cambridge (Erresuma Batua), University of Massachusetts in Boston (AEB), Tokyo Institute of Technology (Japonia), University of Johannesburg (Hegoafrika), Chileko Pontificia Universidad Católica, Buenos Aireseko Universidadea (Argentina), Universidad Nacional Autónoma de México eta Instituto Tecnológico de Costa Rica. Heldutako ikasle gehienek (554 ikasle) Europar Batasunak finantziautako Erasmus+ mobikortasun-programan hartzen dabe parte. Ondoren, Latinoamerika programa (262 ikasle) eta beste leku batzuetakoak (31) aitatu behar dira. Datuek agirian ixten dabe Euskal Herriko Unibersidadea erakargarria dala ikasketak egiteko. Kontuan izan behar da Europako unibersidadeek nazinoartekotze-esperientziak ugaritzeko aukerea emoten dabela eta egitasmo horreetako bat da UPV/EHU partaide dan eta bederatzi unibersidadek osotzen daben taldea.

UPV/EHUra heldutako nazinoarteko ikasleei jagokenez, 55 herrialdetakoak dira eta, herrialde horreen artean, aitatu beharrekoak dira ondokoak: Italia, Alemania, Frantzia, Mexiko, Argentina, Txile, Erresuma Batua eta Japonia. Gainera, lehen aldiz, Hegoafrikako Errepublikatik etorritako ikasleak jaso ditu UPV/EHUk. Euskal Herriko Unibersidadera heldutako mobikortasueko 1.054 ikasle horreetatik, 976k gitxienez gradu bateko lauhileko bat egingo dabe eta 78k, ostera, master bat. Mobikortasun handieneko zentroak dira ondokoak: Ekonomia eta Enpresa Fakultadea, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea, Medikuntza eta Erizaintza Fakultadea, Bilboko Injinerutza Eskolea eta Arkitekturako Goi mailako Eskola Teknikoa.

Euskal Herriko Unibersidadeak nazinoarteko ikasleei laguntza-aukera handia eskaintzen deutse: ikasiko daben unibersidadeari, campusari, fakultadeari edo eskoleari buruzko informazinoa, kirol, gizarte eta kultura arloko jarduerei buruzko informazinoa, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu