Bilbo nazinoarteko erreferente kultural eta sozial nabarmenen anfitrioi bihurtuko da

Bizkaie! 2024-09-10 12:01   Kulturea

VII. Fair Saturday sarietan 8 erakunde eta artista autortuko ditue.

2017tik, Fair Saturday Fundazioak urtero atontzen ditu Fair Saturday sariak, artearen eta kulturearen bidez gizartean daben eraginagaitik nabarmendutako nazinoarteko erakunde eta personak. Sariok hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzen laguntzeko jarduera-eredu barriak sortzeko eta sustatzeko beharra azpimarratzen dabe.

Sortu zanetik, 27 herrialdetako 51 ekimen eta persona autortu dira.

VII. edizino honetan, zortzi erakunde eta/edo artista autortuko dira:

  • Abhijit Banerjee, 2019ko Ekonomiako Nobel Saria (Mumbai, India), garapenaren ekonomian eta pobrezia globalaren kontrako burrukan egindako ekarpenakaitik.
  • Salvador Sobral, musikaria (Lisboa), musikearen bidez emozinoak transmitiduteko dauen sensibilidade eta trebetasun sakonagaitik.
  • Sharmeen Obaid Chinoy, zinema-zuzendaria eta produktorea (Karachi, Pakistan), zinemearen bidez giza eskubideen eta justizia sozialaren alde egindako lan ausartagaitik.
  • Keishia Thorpe, Global Teacher Prize 2021 (Washington DC), hezkuntzearen bidez bizitzak eraldatzeagaitik, ikasle guztien inklusinoa eta aukera-bardintasuna sustatuz.
  • Tumaini Festival (Lilongwe, Malaui), eskala handiko arte eta musika jaialdi hau atonduz kultur integrazinoa eta alkar ulertzea sustatzeagaitik.
  • Bernardine Evaristo, idazlea (Londres), literaturearen munduan aniztasuna defendiduteagaitik.
  • Javier Sádaba, filosofoa (Portugalete - Madril), etika garaikidearen esparruan dauen eraginagaitik.
  • Sociedad Coral de Bilbao – Bilboko Koral Elkartea, musikearen bidez (musika koralaren bidez) Bilbon eta Bizkaian dauen eragin sozial positiboagaitik.

Aurtengo ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan izango da, irailaren 23an, astelehenean, 19:30ean eta, hainbat arte-jarduera egiteaz gan, sarituak be bertan izango dira, baita Bilboko, Bizkaiko eta nazinoarteko erakunde, kultura, gizarte eta enpresa ordezkaritza zabala.

Fair Saturday Sariak emoteko ekitaldiaren ondoren, BBK Bilbao Kultura Social Forumari emongo jako hasierea, kulturearen potentzial eraldatzailearen inguruan esperientzia eta hausnarketa humanistak konpartiduten dituen lider kultural eta sozial nabarmenen topagune globala. Ekimen honek 170 kasu baino gehiago batu ditu gizarte-barrikuntzearen arloan. Hain zuzen be, aurten 18 lider kultural eta sozial izango dira, 9 herrialdetatik etorriko diranak. Lider horreek beren ikuspegiak konpartiduko ditue, personen, urien eta kulturen arteko hartu-emnak sustatu eta estutzeko. Saritutako erakunde eta personez gan, aitatzekoak dira Espido Freire idazlea, Zahara abeslari eta konpositorea eta Noa eta Mira Awad artisten arteko berralkartze ederra, kantaldia eskainiko baitabe.

Forumeko saioak irailaren 24an eta 25ean izango dira, uriko gune nabarmen bitan: Guggenheim Museoko auditorioan (irailaren 24an, martitzenean, 09:30etik 20:40ra) eta BBK Kuna eraikinean (irailaren 25ean, 10:00etatik 13:00era).

Programa osoa bksforum.org webgunean konsultau daiteke. Fororako sarbidea librea izango da, webgune horretan emondako erregistro-esteken bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu