Enkarterrietako Museoak Barakaldo eta Abellaneda arteko 'La Galdamesa Bidea' ibilbidea atondu dau
2024-09-10 09:18 KultureaUrriaren 6an izango da.
Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak atondu dabe martxa horren XVI. edizinoa domeka horretarako; aurton ibilbidea aldatuko dau, Regaton Galdameseko biztanleek egiten eben antxinako bidean sartzeko. Burdinolen ibilbide tradizionalak agertokia eta gaia aldatuko ditu, izan be, aurten La Galdamesa Bidea izena jarri deutsee, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran itsasadarraren ertzetako lantegietan behar egiteko Enkarterriko mendiak oinez zeharkatzen zituen herri horreetako biztanleen omenez.
Oraingo honetan, 2024ko Europako Ondarearen Jardunaldiak dirala eta, hainbat errazoirengaitik gure ondare kulturalaren parte diran ibilbideei balioa emon gura deutsen Bideen, sareen eta bildumen ondarea izenburupean, Enkarterrietako museoak egun batez berreskuratuko dau ingurumenaren eta ondarearen ikuspegietatik zalantzarik bako balioa daben paisajeak zeharkatzen dituan ibilbide hori. Exigentzia maila handia dauen bidetik egingo diran 23 kilometro izango dira, 1.200 metroko desnibelagaz, Regatotik (Barakaldo) abiatu eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Abellanedako Enkarterrietako museoan amaitzeko.
Barakaldoko meatze-auzo zaharra atzean itxi eta gero, ibilbidea mendiko pistetatik eta Galdamesko herrixka batzuk, horreen artean Castaños, Illeta edo Amabizkar, lotzen zituen bidexka tradizionaletatik sartuko da. Ikuspegi naturaletik, ibiltaldian parte hartzen dauenak Eretzako biotopoaz, ibaiertzeko basoez, artadiez eta bidea inguratzen daben zelai zabalez edo ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dituen antxinako Ubieta/Zipar belardiez gozau ahal izango dau.
Ikuspegi naturalari gure industria eta kultura-ondarearen erakusgarri aberatsa gehituko jako. Holan, Enkarterrietako museoko beharginek geldialdi txikiak egingo ditue ibilbidean dagozan eraikinetan: meatzaritzako hondakinak, Etxebarriako urtegia –Estaduan hormigoiz eregitako lehenengoa (1901)–, Urdandegietako burdinolea (XVI. mendea), Castañoseko edo Amabizkarreko hainbat baserri, mendiko burdinolen hondakinak (Castaños) edo Galdameseko Illeta-Amabizkarreko San Kosme eta San Damian baseleizea.
Ibilbideak anoa-puntu bat izango dau 11. kilometroan, Illeta-Amabizkarreko (Galdames) San Kosme eta San Damian baseleizearen ondoan. Beharrezkoa izango da ura hartzeko ontzia eroatea, ez dalako likidoa dauen ontzirik banatuko, eguna jasangarriagoa egiteko. Ibilbidean hiru ur-iturri dagoz: lehenengoa Regato baseleizearen alboan; bigarrena Eretzako aterpearen ondoan; eta bestea, aitatutako anoa-puntuan.
Museoak autobus bi jarriko ditu parte-hartzaile guztiak Enkarterrietako Museotik hasierako puntura, Regatora, edo BECen (Barakaldo) ondoan dagoan Ansioko metro geltokira eroateko.
Izen-emotea: doban, urriaren 4ko 13:00ak arte, www.enkarterrimuseoa.eus helbidean edo 94 650 44 88 telefono-zenbakian (300 persona gehienez).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!