Eperlandak 30.549 euro emon deutsoz Gurutzetako Ospitaleko Eskerraldea Enkarterri ESIri

Bizkaie! 2024-09-10 08:22   Kulturea

Ikaragarria da herri txiki bat ekitaldi handi hau atontzeko kapaz izatea.

Esker oneko ekitaldia izan za Eperlanda Kultur Akarteak Gamizko frontoian atondutakoa, Gurutzetako Eskerraldea Enkarterri ESIri egindako dohaintzeren zenbatekoa aurkezteko: eskerrik asko erakundeei gaur hemen egoteagaitik eta lasterketeari babesa emoteagaitik: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, udalak, babesleak, laguntzaileak eta II. Burdin Hesiko Mendi Lasterketa hau arrakastatsua izatea lortu dozuen boluntario eta erakunde guztiei, adierazo eban Asier Larrabe erakundeko kide eta boluntarioak.

Mendi lasterketea 37 kilometro, 13 kilometro eta martxa herrikoia modalidadeetan egin zan bagilaren 22an eta 30.549 euro batu zituan, 2023an baino 6.000 gehiago. Danetara, 945 kirolarik parte hartu eben eta horreen artean 330 emakumezko atleta egozan. Parte-hartzaileak Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Kanariak, Albacete, Nafarroa, Madril, Castelló, Valladolid, Burgos, Granada, Toledo, Errioxa, Bartzelona, Cadiz, Huesca, Malaga, Tarragona edo Zaragozatik etorri ziran. Aitamen berezia merezidu dabe Fatma eta Davidek, Mendi Solidarioek eta Ezina Ekinez Eginak eroan zituen jarleku egokituakaz egin baitzeben.

Fikako abesbatzaren kantaldiaren eta lasterketako bideo baten proiekzinoaren ondoren, Itziar Landa boluntarioak eta Pedro Azurmendi boluntarioak txekearen entrega sinbolikoa egin eutsen Mariluz Marqués Eskerraldea ESIko zuzendari gerenteari eta Inés Gallego ESI bereko Kalidade zuzendariordeari.

Aitatu dirua, besteak beste, Gurutzetako pediatria-eremua humanizetako erabiliko da. Eskerrak emon nahi deutseet Eperlandari, boluntarioei, babesleei, herriari, eskualdeari... minbizia diagnostikauta edo gaixotasun kroniko bategaz ospitalera joan behar daben umeen eta familien izenean. Benetako tragedia da eta humanizazinoa deitu deutsagun hori oso garrantzitsua da, ziurtatu dau Marquések. Ongizate emozionalari, ongizate psikologikoari eta egunerokotasun hori apur bat errazago egiten laguntzeko baliabide tekniko edo zientifikoetatik harago doazen esku-hartzeei egiten deutse erreferentzia humanizazinoak. Pailazo batzuek, Tirita deitzen dogun irrati batek eta Eskape Gelea lako beste jarduera batzuek, sufrimenduaren arretea desbideratzea, entretenidutea eta gurasoek zer esan eta zertaz berba egiten daben pentsetan egon behar ez izatea lortzen da. Diru kopuru izugarri horrek jarduera horreetako batzuk finantzietan lagunduko dau. Ikaragarria da herri txiki bat ekitaldi handi hau atontzeko kapaz izatea, azaldu dau kudeatzaileak.

Inés Gallego, ESIko kalidade-zuzendariordeak berretsi egin dau esker ona eta zehaztu jasotakoa, besteak beste, Irriki Klownentzat izango dala, pailazoak baitira momento gogorrenetan laguntzeko onenak eta Radio Tirita laguntzeko, Gurutze Gorriagaz lankidetzan egiten dogun programea, Eskape Gelearen arloan, ospitaleko ludotekea baita ume eta nerabeek entretenidu ahal izateko eta ospitalean modu normalizatuagoan edo atseginagoan egotea toketan jaken denporea pasetako. Eta 2025erako ames bat dogu, Ospitale-esparruaren barruan dagoan espazio bat, itxuraz parke bat dana, beste zeozer bihurtu nahi dogu: ospitaleko lorategi bat, umeak eta familiak ingurune ederrean egon eta deskonektau deien. Lortu nahi dogu eta Burdin Hesiko Parkea izena jartea. Gamiz Fika eta lasterketa hau Gurutzetako Unibersidade Ospitalera eroan nahi ditugu, emoten deuskuzuen laguntza guztia eskertzeko. Hori da 2025erako gure amesa. Hori da datorren urteko erronkea, esan dau Inés Gallegok.

Bertan izan ziran, besteak beste, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputadua, Ana Rubio udalerriko alkatea eta Fito Cabrales artistea.

Eperlanda Kultur Alkarteak erronkea onartu dau eta daborduko 2025eko bagilaren 21ean 37 kilometro muino, lubaki eta bunker zeharkatuko dituan lasterketarako lanean dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu