13 talde eta ia 100 parte-hartzaile 2024ko Bardoetan

Bizkaie! 2024-09-09 07:50   Bertsolaritzea

Irailaren 13an hasiko da saio bigaz, urriaren 26an izango da finala, Garesen. 

2012an sortu zan Bardoak, Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketea, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzeko asmoz. Ordutik, urte birik behin atontzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritzea beste modu batera lantzeko aukerea emoten da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza barriak barruratuz eta molde parte-hartzaileak praktikan jarriz.

2024an jokatuko da Bardoak taldekako txapelketearen zazpigarren aldia eta aurten be, talde parte-hartzaileen herriez gan, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituenen zerrendara eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak: Irurtzun, Tafalla, Etxauri, Irunberri, Iruñea eta Tuteran. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eroateko asmoari eutsi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Irailaren 13an hasi eta urriaren 26ra arte, guztira 20 saio izango ditu taldekako txapelketeak. Finala Garesen egingo da eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzearen eta euskal kulturaren jai handia izango da.

Transmisino lanaren erakusgarri

Handia da 2024ko Bardoak egitasmoa. Aurten 91 kidek hartuko dabe parte: bertsolariak, gai-jartzaileak, atontzaleak, kozineruak, helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasibarriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta alkargune izango dira Bardoak. Kopuruek ondo erakusten dabe Nafarroako bertso mobimentuaren osasuna eta arabere gehiago bertsolaritzearen transmisinoan jarritako arreta eta indarraren emoitza dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak eta oinarri hori sendoa dala erakusten dau Bardoak egitasmoak.

Bertso Eskolakaz batera, ezinbestekoa da Nafarroako Bertsozale Alkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuagaz eta tokian tokiko udal eta mankomunidadeakaz alkarlanean, ikastetxetan egiten dauen lana. Bertsolaritza irakaskuntzan programearen bitartez, Nafarroa osoko 2.900 ikasle inguruk lantzen dabe bertsoa eskola orduetan, 42 udalerritako 58 hezkuntza zentroetan; duda barik, ezinbesteko ongarria da neurri batean Bertso Eskolen sarea, baita Bardoak egitasmoa be.

Badatoz Bardoak plazara, euren kantuakaz gozetako sasoia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu