Euskal Diasporearen Nazinoarteko Egunaren 7. edizinoa ospatu dabe Oñatin

Bizkaie! 2024-09-09 07:45   Kulturea

Boiseko Unibersidadeko ikasle eta irakasle talde bat herrira heldu zala 50 urte bete diranean.

Gipuzkoako udalerri hau aukeratuta, orain 50 urte, 1974an, bertan egindako Boiseko Unibersidadeko ikasle eta irakasleen lehen egonaldi programea gogoratu eta omendu nahi izan da, izan be, talde horretako ordezkaritza bat egon da ekitaldian.

Pozik egoteko eguna dogu gaurkoa, orain 50 urte azaldu zan hemen 90 lagunez osotutako talde bat, Pat Bieter Boiseko irakasleak bultzatutako euskaldunen taldea. Helburua aberrira etortea zan. Kulturaz gozetan, euskerea ikasten eta holan egin eben, zehaztu dau Imanol Pradales Lehendakariak. Eta eskerrak emon deutsee euskerearen hazia egunero zabaltzeko bidea edegi ebenen ausardiagaitik.

Pradalesek nabarmendu dau 15 herrialdetan dabizela ospatzen egun hau, ehun ekitaldi baino gehiago, hain zuzen be, eta horrek esan gura dauela egun hau euskal diasporan sano errotuta dagoala.

Esangura horretan, Imanol Pradalesek beste herrialde batzuetara joan behar izan eben euskaldunei be eskaini deutse berbaldia, besteak bester, Miguel Mariri, Baztango Haranekoa, Mexikora emigratu ebana. Miguel Marik familia bat osotu eta euskerea eta euskal kulturea seme-alabei transmitidu eutsezan eta aitatutako kasu horren bidez, Pradalesek gure enbaxadore bihurtu ziran milaka euskaldun horreek egin eben ekarpena nabarmendu nahi izan dau.

Euskadi Globala

Gure Herriak asko dau jokoan nazinoarteko testuinguruan datozen urteetan. Sare barriak ehundu behar ditugu, estrategia globala eta nazinoartekoa, euskaldunok berriro be itsaso eta mundu barriak zeharkatzeko, gure Herriarentzako oparotasunaren bila nabarmendu dau Imanol Pradalesek. Gure Herrian prestakuntzea jaso ondoren atzerrira joaten diran ehunka euskaldunak aitatu ditu eta, adierazo dauenez, horreek be gure kanpoko sarearen parte dira eta gure aurrerabiderako ezinbesteko eragileak.

Harrerearen garrantzia

Berbaldi horretan, Oñatiko Larraña Etxea orain urte batzuetatik hona lehen harrerarako zentroa danari erreferentzia eginez, harrerea egitearen garrantzia azpimarratu dau, Euskaldunok harrera hori jaso ebelako eta jasoten jarraitzen dabelako.

Lehendakariaz gan, ekitaldian izan dira, bestea kbeste, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, María Ubarretxena, Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez sailburuak, Ander Caballero Europar Batasuneko eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Kanpoan dan Euskal Komunidadearen zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu