Loraldiak euskerazko sormen digitaleko III. bekea aurkeztu dau
2024-09-06 12:21 KultureaUrriaren 18ra arte jasoko dira proposamenak eta 10.000 €ko ordainsaria iragarri dabe.
Helburuak euskerazko sormen digitalak sustatzea eta ingurune digitalean euskerazko egitasmoek presentzia izatea dira. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 18ra arte zabalik egongo da. Onuradunak urtebeteko epea izango dau proiektua gauzatzeko eta 2026eko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emoitzea.
Kultur sorkuntzearen barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musikea, arte eszenikoak, arte plastikoak, jantza, komikigintzea, bertsolaritzea, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa... Proposamena diziplina batekoa edota diziplinen arteko buztarketea izan daiteke.
Bekearen onuraduna zein izango dan zemendiaren 14an iragarriko dau Loraldiak. Eta 2025an zehar proiektua gauzatzeko epea izango dau. Proiektu barri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada be, aukerea dago esparru analogiko eta fisikoan be gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke. Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedurea.
Proposamenak epaimahai profesional batek balorau eta zehaztuko dau zein izango dan bekearen onuraduna.
Gorputza atzean utzi eta Hitzaurrea izan ziran aurreko edizinoetako proiektu irabazleak. Lehenengo edizioa 2022an izan zan eta 16 proiektu aurkeztu ziran deialdira. Bigarren edizinoan, 2023an, 19 proiektu aurkeztu ziran.
Proiektuaren sormen prozesua martxan dago eta esperimentazinorako eta ikerketarako aukerea sortu dau. 2025eko martia, Loraldia Festibalaren 11. edizinoan, emoitzea aurkeztuko deuskue.
Bekeari buruzko informazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!