Bihar, hilak 7, Dantz Point festibala Gernikan

Bizkaie! 2024-09-06 09:05   Musikea

18:00etatik 00:00etara, Pasileku Plazan.

Dantz Point proiektua 2019an jaio zan, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa emoteko helburuagaz. Oraintsu, Bizkaira heldu da BBKren laguntzinoari esker. Aurreko astean Elorrion izan zan, bihar, hilak 6, hitzordua Gernika-Lumon izango da.

Doban izango dan egitasmoak Pasileku Plaza hartuko dau zapatuan 18:00etatik 00:00etara. Pasileku Plaza Gernika-Lumoko erdigunean dago. 1882an, Gernikako uribilduaren eta Lumo eleizatearen alkartze behartua jazo zan eta hori gogorarazoteko, herri bien artean Batasunaren plazea plazea eregi eben. Bestalde, ume hezkuntzako zentro bi egozanez, plazearen atzeko horman Gerra Zibilean babesleku antiaereoa egin eben. Beraz, batasuna eta babesa irudikatzen dituan plazea be bada.

Programazinoari jagokonez, Point-ak hiru artisten saioak izango ditu: Txsk, Willy Kasper eta Unzu. Gernika-Lumok dituan elektronikeari lotutako hainbat belaunaldi ordezkatuko ditu, herriak dauen elektronikearen eszenea balioan jarriz.

Pasilekura gerturatzeko aukerarik ez dauenak, 20:00etatik 21:30etara, EITBren Primeran plataformearen bitartez disfrutau ahalko dau saioa streaming bidez emongo baita.

Dantz Point kultur marka eta proiektuen laborategia da. 2017an sortu zan Euskal Herrian eta dagoeneko erreferente bihurtu da musika elektronikoaren sektorean. Haren ekimenen artean, ondoko honeek nabarmentzen dira: Dantz Academy (aurrez aurreko eta online prestakuntzako zentroa) eta Dantz Festival (garagarrilean zortzigarren edizinoa egin dau Donostiako Tabakalera, Donostia Arena edo Miramongo Anfiteatroa lako egoitzetan).

Dantz Pointa Dantzek atondu dau BBKren babesari esker eta Gernika-Lumoko Udalagaz alkarlanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu