Marta Cartú aukeratu dabe IV. Komikiaren Nazinoarteko Egoitzea egiteko

Bizkaie! 2024-09-03 13:36   Kulturea

Cole Degenstein eta Pauline Lecerf artistakaz batera.

Marta Cartú artistearen lan bat. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkuna Zentroak, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Angulemako Cité internationale de la Bande Dessinée et de L'image-k eta Quebeceko Maison de la Littérature-k hiru persona aukeratu ditue, komikiaren arloan oinarritutako sorkuntzeari laguntzeko proiektu artistikoak egin deiezan: Marta Cartú (Azkuna Zentroa), Pauline Lecerf (Angoûleme) eta Cole Degenstein (Quebec).

Lan partekatuko tailerra izango dabe uri bakotxean eta bidaiakaz eta ostatuakaz batera, 4.500 euroko laguntzino ekonomikoa jasoko dabe egonaldien iraupena ordaintzeko. Hiru egoitzetan egingo dira 2025eko urtarriletik apirilera; Anguleman, urtarrilaren 20tik zezeilaren 20ra; Azkuna Zentroan, zezeilaren 20tik martiaren 24ra; eta Quebecen, martiaren 24tik apirilaren 25era.
 
Ganera, hiru egonaldiak egiten dabizen bitartean jaialdi bat egingo da egoitza bakotxean, hartu-emon profesionalakaz, jardueretan parte hartu eta ikusleakaz alkartzeko egokiak: Komikiaren Nazinoarteko Jaialdia Anguleman, Gutun Zuria Letren Nazinoarteko Jaialdia Bilbon eta Québec BD Jaialdia Quebec-en.

Cole Degenstein

Kanadako belardietan jaio eta Montrealen bizi dan Cole Degenstein artistearen lanak komikiaren, ilustrazinoaren eta poesiaren bidez hartzen dau formea. Samurtasuna da bere obrearen funtsa eta etxeko bizitzearen, homosexualidadearen eta landa-aldeko esperientziaren inguruko istorioak ditu ardatz. Cole oso aktiboa da Kanadako komiki eta fanzineen komunidadean, bere argitalpen, antologia eta erakusketa kolektibo ugariek erakusten dabenez. 10-10 to the Wind elebarri grafikoak Center for Cartoon Studies-en 2024 Cartoonist Studio saria jaso eban.

Marta Cartú  

Marta Cartú komikien sortzailea da eta sorkuntza eta hezkuntza artistikoaren arloan lan egiten dau. Azken urteetan, lehen komiki-albuma argitaratu dau, Hola Siri (2021), eta hainbat istorio labur egin ditu autoedizinoaren esparruan. Erakusketa kolektiboetan be parte hartu dau, esaterako, ondoko honeetan: Constelación Gráfica (CCCB, 2022), Cómic. Sueños e historias (Caixaforum, 2022) eta Revuelta en el cómic (MACBA, 2018). Hezkuntzako jarduerak eta esku-hartzeak diseinau ditu hainbat kultura-erakunderentzat, besteak beste, CCCB, MNAC eta Born CCMrentzat.

Pauline Lecerf

Pauline Lecerf Bruselan bizi da eta bertan egiten dau lan, Meyboom estudioan. Komikiak idatzi eta proiektu dokumentalak egiten ditu, zinematik kanpoko formak hartzen dituenak: antzezpenak, bisita gidatuak, kirol-eskolak, jolasak, itxaroteko musika-lehiaketak eta soinu-piezak. Bere lehen komikia, TUT, histoires au-delà du langage, 2024ko zezeilean argitarau eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu