Hamahiru film lehiatuko dira Nest Saria eskuratzeko
2024-08-30 08:00 ZinemeaGuztira, 428 filmek emon dabe izena.
Hamahiru film labur hautatu ditue Nest sailerako. Guztira, 48 herrialdetako 200 eskoletako 428 proposamenen izan dira, marka hausiz Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazinoarteko topaketearen historian. Hautatutako eskolak Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwangoak dira.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak atondua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazoten ditu, hau da, egungo eta etorkizuneko zinemagileen obrak. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko gunea ez ezik, ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen topalekua be bada Nest: Zinemaldiak zinemari buruzko alkarrizketea errazteko eta prestakuntzearen eta mundu profesionalaren arteko buztarketa errazteko gaitzen dauen gunea da.
Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwango hamalau zinema-ikasle batu egingo dira irailaren 23tik (astelehena) 27ra (barikua) euren lanak aurkezteko bost jardunalditan, zinemagileekiko alkarrizketetara joateaz eta industriako profesionalekaz topaketak egiteaz gan. Hautatutako lanetan, dibersidade geografikoa, tematikoa eta estilistikoa, fikzinoak eta ez-fikzinoak alkarrekaz bizi dira, baita ikuspegi personalak be. Zinema-arloko persona ezagun batek eta hautatutako eskoletako ikaslez osotutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emongo deutso irabazleari.
Zinemagile gazteen prestakuntzea eta industriarako sarbide profesionala be badira, jakina, The MediaPro Estudioren Gidoigintza Masterraren helburuak. Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmena dau estudio horregaz, Nest sailaren bidez. Akordino horrek, Gidoigintza Masterraren azken edizinoko hamar ikasleri sailean parte hartzea bermatzen deutse. Ikasle horreek, izan be, Nestek Zinemaldian zehar atondutako jarduera guztietan parte hartu ahalko dabe.
Sortu ebenetik (2002), Nestek 1.000 zinemagile gazte eta 380 film labur baino gehiago batu ditu, baita ehun bat eskola magistral eta hainbat alkarrizketa be zinema-industriako profesionalekaz, esaterako: Céline Sciamma, Alexander Payne, Lila Avilés, Bertrand Bonello, Elena López Riera eta Christian Petzold.
Ikasleen topaketan zehar, Tabakalera Medialab Estudioan sailaren historian saritutako film labur guztiak emongo dira. Sartzea doban izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!