Aire zabaleko zinemea Olarizuko Lorategi Botanikora bueltauko da

Bizkaie! 2024-08-29 10:03   Zinemea

Gaur eta bihar, hilak 29 eta 30, eta irailaren 5ean eta 6an.

Aire zabaleko zinemea Olarizuko Lorategi Botanikora bueltauko da abuztuaren 29an eta 30ean eta irailaren 5ean eta 6an Lorategian zikloaren eskutik. Jaialdiak, pentsamendu kritikoa aktibetea dau helburu, beraz, hainbat ikuspegi landuko ditue.

Olarizuko Lorategi Botanikoak balio natural handia dau, duda barik, eta asko estimetan dabe uriko biztanleek eta bisitan etorten diranek. Leku honetaz beste modu batera disfrutetako aukerea emoten deusku Lorategian zinema-zikloak. Aire zabaleko zinemearen magiaz disfrutetako konbidapena gasteiztarrentzat, gaur hasi eta irailaren 6ra arte, Olarizun, animau ditu uritarrak Pascual Borjak, Eraztun Berdearen eta Bioaniztasunaren Ataleko zinegotzi delegatuak.

Aurton, sinestesia (abuztuak 29), maiztasuna (abuztuak 30) eta memoria (irailak 5) izango dira proiekzinoen ardatz tematikoak. Irailaren 6an amaituko da zikloa, film laburren saio bategaz.

Gaur, hilak 29, Khadak proiektauko dabe, nomadismoari buruzko filma, Mongoliako estepetan girotua. Abuztuaren 30ean Taming the garden filmaren txandea izango da. Denpora-pasa bitxia dauen gizon boteretsu bati buruzko istorioa da.

Irailaren 5ean, A metamorfose dos passaros film portugaldarragaz bueltauko da zikloa. 2020an saria jaso eban Donostiako Zinemaldian. Filman, Catarina Vasconcelosek haren familiaren historia berreregiten dau.

Amaierea bikaina emoteko, irailaren 6an hainbat film labur proiektauko ditue. Horreek, zikloaren 3 kontzeptuak eta hariak batuko ditue: sinestesia, maiztasuna eta memoria.

Gaueko 21:00etan proiektauko ditue filmak. Sarreren prezioa 5 eurokoa da, eta hemen erosi daitekez.

Haz – Laboratorio para el movimiento visual laborategiaren eta Amaia Zorrillaren film-hautaketearen alkarlanari esker egiten da Lorategian zinema-zikloa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu