Arantzazu, kulturea eta musikea buztartzen

Bizkaie! 2024-08-28 10:04   Musikea

Abraham Cupeiro eta Ensemble Musica Practica taldeak kontzertua eskainiko dabe.

Musika Aitzaki zikloaren barruan, Musika Hamabostaldia Arantzazuko Santutegira bueltauko da eguenean, hilaren 29an. Jaialdiko agertoki aitagarrienetako bat da Oñatiko Santutegia, eta kulturen eta garaien arteko bidegurutze bihurtzen da urtero 2001etik, izan be, klasikoaren eta herrikoiaren artean dagozan proposamen heterogeneoen zale dan publikoaren interesa bizten dau.

Oraintsu, Galiziak eta Euskal Herriak bat egingo dabe Abraham Cupeiroren proposamen originalean. Denporan galdutako haize-musika tresna bakanetan aditua eta ibilia da Cupeiro eta Ensemble Música Práctica (biolinea, biolontxeloa, pianoa eta perkusinoa) talde galiziarra, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX), Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Kamerata Oiassoko bakarlariak izango ditue lagun Arantzazuko kontzertuan.

Ahaztutako hotsak izenburupean, hitzordurako beren-beregi aukerautako lanak disfrutau ahal izango dira: Abraham Cupeiroren Réquiem por Marsias, Armenia, Costa atlántica, Baleas eta Atlantis; Béla Bartóken Errumaniar jantzak; Iñaki Malbadiren Albiztur; Agus Barandiaranen Sardos; Eñaut Elorrietaren Itzulera; Astor Piazzollaren Oblivion; Oreka TX-en Amusia; eta Urkiola eta Canto de arrieiro tradizinonalak.

Musika tresnen egilea da Abraham Cupeiro eta hainbat haize-instrumentu joten ditu. Denporan galdutako instrumentuak berreskuratzeaz gan, soinu barriak sortu eta beste zenbait musika mota buztartzen ditu.

Arantzazuko Santutegian arrastoa itxi eben eta aurten jaiotzearen mendeurrena daben euskal artista handi iri eskainiko jake kontzertua: Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea artistei hain zuzen be.

Kursaaleko eta Victoria Eugeniako Antzokiko leihatiletan eta hemen erosi daitekez sarrerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu