Urruzuno Literatura Lehiaketearen egonaldia, martxan

Bizkaie! 2024-08-27 08:30   Kulturea

Lehenengo egunean, Mariasun Landa idazlea izan da.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak 2024ko Urruzuno Literatura Lehiaketearen irabazleak bisitau ditu Arantzan (Nafarroan), egun batzuk pasatzen ari diran lekuan. Lortutako sariaz, hau da, literatur egonaldi batez, disfrutetan ari dira bertan. Abuztuaren 30era, hainbat jardueratan, esaterako, jardunaldi, tailer eta errezitaldietan, parte hartuko dabe, literaturearen eta musikearen munduko persona aitagarriek lagunduta, horreen artean Patxi Zubizarretak, Ruper Ordorikak edo Itxaro Bordak.
 
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua topaketean izan da, eta literatur inspirazinoa daben gazteentzat Mariasun Landa (Ume eta Gazte Literaturako Saria (1991) eta Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazinonala (2003)) lako persona ezagun bategaz esperientziak partekatu ahal izateak emoten dauen aukerea balioetsi nahi izan dau.

Euskal Idazleen Alkarteak proiektuan emondako laguntzinoa eskertzeaz gan, sailburuak gogorarazo dau Hezkuntza Sailaren lehiaketeak ia 40 urte daramatza Euskadiko literatur bokazinoen lekuko izaten, izan be, Euskadiko gaur egungo idazle askok parte hartu izan dabe noizbait lehiaketean. Urruzuno literatur lehiaketea erreferentzia da euskal kulturearen esparruan; halanda ze, irabazleen artean euskal literaturan ez ezik bertsolaritzean, kazetaritzean eta kultur sorkuntzearen beste hainbat arlotan be ezagunak diran persona ugari dagoz.

Lehiaketea dagoeneko klasiko bat da geure hezkuntza-sistemean, eta bat dator Euskal Hezkuntza Sistemearen Irakurketea Estrategiagaz. Hainbat hamarkadatako garapenaren ondorioz, lehiaketak ehundaka lan produzidu ditu euskeraz idatzitako prosean eta poesian.

Lehiaketearen helburua euskal ikasleen artean idazteko zaletasuna sustatzea da, baita horreen artean euskerearen erabilera sustatzea be, euren hausnarketak, bizipenak eta sentimenduak adierazoteko tresna bezala. Lehiaketako epaimahaiak, betiko lez, 20 lan onenak aukeratu ditu: bost prosean eta bost poesian. Hezkuntza Sailak saritutako lanak batzen dituan liburu bat argitaratuko dau Sagastiberri atalean, eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietan, Berritzeguneetan, liburutegietan... banatuko da.

Literatur egonaldia amaitu eta berehala, gazteak Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzeara, Gasteizera, joango dira, aurtengo irabazle bezala autortzeko egingo dan ekitaldi ofizialean parte hartzeko. Ekitaldia abuztuaren 30ean, barikuan, 12:30etatik aurrera, egingo da. Ekitaldi horretan parte-hartzaile gehien izan dituen bost ikastetxeak be autortuko dira: Txorierri institutua (Derio), Ekialde (Gasteiz), San Luis La Salle (Donostia) eta Mungiako eta Arratiako (Igorre) institutuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu