Jon Irazabal Agirre hil da

Bizkaie! 2024-08-22 12:21   Kulturea

Durangerriaren jagole nagusienetako bat izan zan.

Jon Irazabal Agirre (Iurreta, 1960-08-23) gaur goizaldean hil da 63 urtegaz (bihar, 64 urte beteko zituan). Gerediaga Alkarteko kudeatzailea hamarkada luzetan eta Durangoko Azokako zuzendari be izandakoak hutsune handia itxi dau. Eskualdeko historiaren ikerketean eta zabalkundean erreferentzia nagusienetako bat izan da.

Historia ikasketak izan ez arren, gaztetatik erakutsi dau inguruko (Durangoko Merinaldearen, berak Durangerri izentatzen eban lurraldearen) jatorria, historia eta bizimodua ezagutzeko griña. Jakin-min horrek bultzauta bizi izan da azkenera arte.

Haren lanari esker, Durangaldeak asko daki eskualdearen historiaz. Galdutako ohitura asko berreskuratzeko lan egin dau, eskualdeko historian papel garrantzitsua izan daben personei izena jarri deutso, gerra zibilean gertatutakoa adierazo eta Durangerriaren jatorriaren zabalkundean jardun dau.

17 urte zituala hasi zan alkartean eta ordutik Gerediaga Alkartea eta bere ez dira banandu. 1982. urtetik 2018ra arte alkarteko kudeatzaile izan zan lehenengo eta historia teknikari lanetan jardun eban gero, eta esaterako, Durangoko Azokako zuzendari lanetan jardun eban 30 urtez.

Durangoko historian sakondu dau urte askotan eta ikerketa lerro asko edegi ditu. Nagusiena, Durangoko 1937ko bonbardaketari buruzkoa izan da. Gaiari buruzko hainbat argitalpen argitaratu ditu (guztiak dagoz jasota hemen).

Gerra zibila ez ezik, euskal folklorea be izan da bere lanerako gaia. Durangaldeko Ezpatajantzarien Eguna atontzen eta sustatzen ekin eban urte askotan. Jantzari-Jantza eta Gorularien-Jantzak ezagutarazotera emoteko be lan asko egin eban. Aurton, Iurretako Gorulari-jantzen gainean argitarau dan liburuxkaren sustatzailea izan da.

Liburu eta liburuxka asko idatzi ditu Durangaldeko historiari buruz eta guztiak, berak sustautako Durangaldeko Dokumentategian konsultau daitekez, izan be, Gerediaga Alkarteak gordetzen dituan Durangerriari buruzko papel, eskuizkribu, dokumentu, objetu, liburu, liburuxka eta argazkien bildumeari berak emon eutson hasierea.

Durangerriaren historiaren jagole eta zabaltzaile lanari lotuta, Astola ikerketea eta historia aldizkariaren sortzaile be izan zan. Sortzaile bakarrik ez, artikulu asko sinatu ditu aldizkarian. Gerediagak udagoienean argitarauko daben 18. zenbakian, alkarrizketatzaile papela be bete dau Jose Luis Lizundia solaskide izan dauela.

Merezitako sariak be jaso zituan, esaterako; Bizkaiko Jantzarien Biltzarrak 2019an emondako Jantza Tradizinonalaren Esker Onak. 2015eko Durangaldeko Ezpatajantzarien Egunean be merezitako autortzea egin eutsien jantzariek eta alkarteak berak.

Jon Irazabal Agirreren hileta elizkizuna bihar, abuztuak 23 izango da, arratsaldeko 18:00etan, Iurretako Mikel Goiaingerua Deunaren Eleiz parrokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu